Debako Udalak jakinarazi du Manolo Pascualek jaurtiko duela 2025eko jaiei hasiera emango dien txupinazoa. Aurten beteko dira 25 urte Pascualek (Deba, 1959) Txema Vitoriaren eskutik danborradako zuzendaritza makila jaso zuenetik eta "bere dedikazioa eta udalerriko tradiziorik maite eta errotuenetako bati egindako ekarpena" aitortu nahi dizkio udalak.
"Manolok danborradaren danbor nagusi gisa egin dituen 25 urteak gure udalerriko ohiturekiko eskaini duen ahalegin, dedikazio eta maitasunaren isla dira. Ilusio handia egiten digu txupinaren jaurtiketaren bitartez herriari eta herritarrei egindako ekarpen hori aitortzea", adierazi du Alazne Txurruka alkateak.
Aurtengo festak abuztuaren 14tik 18ra bitartean ospatuko dira eta hilaren 14an eta 18an entzungo dira, beste behin ere, danbor hotsak herrian. Udalak gogorarazi bezala, San Roke jaietako "funtsezko ekitaldia" da danborrada. "Egitarauko ekitaldirik adierazgarrienetako bat da, eta Manolo Pascualek gidatu du mende laurden batez. Bere esfortzu eta konpromisoari esker, danborradak bere nortasuna mantendu du eta San Roke jaietako egitarauaren ekitaldi nagusietakoa izatera iritsi da. Udalak eskerrak eman nahi dizkio Pascuali bere lan nekaezinagatik eta herriko tradizioekiko azaldutako maitasunagatik", azpimarratu dute.
Pascualek du danborradaren ardura nagusia 2000tik eta urtemuga aitzaki hartuta, elkarrizketa egin dio Berriketan-ek uztaileko alean. HEMEN duzue irakurgai.