ELKARRIZKETA

"Hondartza ederra daukagu Deban, baina arreta handiz zaindu behar da, bere ezaugarriengatik"

Berriketan 2025ko uzt. 28a, 09:25

Irailaren 15era arte, Debako hondartzako erabiltzaileen segurtasuna bermatzea izango da Alejandro Morcilloren (Deba, 2004) eta Aiora Antolinen (Durango, 2004) eginbeharra; lehenengoak hirugarren denboraldia du Deban eta Antolinek, aldiz, bigarrena. Beste lauzpabost kiderekin batera osatutako sorosle taldearen eguneroko jardunaz eta hondartzaren ezaugarriez nahiz arriskuez aritu gara elkarrizketan.

Ekainaren erdialdean abiatu zuten Deban hondartzako denboraldia eta Santiagon nahiz Laparin prebentzio, salbamendu eta sorospen zerbitzua eskaintzen diharduen sorosle taldeko kide dira Antolin eta Morcillo. Hondartzaren berezitasunez, sorosleen eguneroko lanaz, larrialdi kasuei aurre egiteko baliabideez eta prebentzio neurriez hitz egin dute solasaldian.

Zertan oinarritzen da zuen eguneroko lana?

Aiora Antolin: Goizean goiz hondartzara iritsi eta egoera orokorra aztertzea izaten da lehenengo eginbeharra: bainurako gomendioen araberako bandera jarri, komunikazio ekipoak eta botika-kutxa prestatu eta hondartzaren inguruak ere aztertzen ditugu, arriskurik ote dagoen ikusteko. Egun osoan bainularien segurtasuna bermatu eta jendeak arauak betetzen dituela egiaztatzen dugu eta edozein larrialdiren aurrean azkar erantzuteko prest egoten gara. Horrez gain, gure lana da galdutako haurrei laguntzea edota itsasoaren egoerari buruzko informazioa ematea. Eta, bestalde, zaurituak ere artatzen ditugu, lehen sorospenak ematen baititugu anbulantzia iritsi arteko denbora tartean. Prebentzioa da lanaren alderdirik garrantzitsuena, baina argi dago eguraldiak eta olatuek asko baldintzatzen dutela gure lana. 
Alejandro Morcillo: Bestalde, lagundutako bainuaren zerbitzua ere eskaintzen dugu, mugikortasun murriztua duten pertsonek ere itsasoaz eta hondartzaz beste guztiok bezala goza dezaten.

"Prebentzioa da lanaren alderdirik garrantzitsuena, baina argi dago eguraldiak eta olatuek asko baldintzatzen dutela gure lana"

Zer garrantzi du talde lanak? Zenbat kide zarete eta nola koordinatzen duzue lana?  
A.A.: Normalean, 6-7 soroslek osatzen dute lantaldea. Eta talde lana funtsezkoa da, bai, egoerak azkar konplikatu daitezkeelako. Gure artean walkie-talkie bidez komunikatzen gara etengabe eta bakoitzak badaki zein den bere eginkizuna larrialdi baten aurrean. Aurretik entrenamenduak eta simulazioak egiten ditugu, koordinazioa ahalik eta eraginkorrena izan dadin.

Nolakoa da Debako hondartza sorosle baten ikuspegitik? Zer berezitasun ditu? 
A.M.: Hondartza ederra daukagu Deban, baina arreta handiz zaindu behar da, bere ezaugarriengatik. Hondartza dinamikoa da. Mareek, esaterako, eragin handia dute gure lanean; itsasgoran, adibidez, bainularien eta surflarien arteko espazioa estutu egiten da eta horrek tentsio egoerak sor ditzake haien artean; itsasbeherarekin, berriz, azalera handiagoa zaindu behar dugu, bainulariak urrunago sartzen direlako. Horrez gain, hondartzak baditu arriskutsuagoak diren eremu batzuk ere, hala nola zulo sakonagoak edo korronte indartsuak sor daitezkeen guneak, eta horiei arreta berezia eskaini behar izaten diegu. Bestalde, jende asko pilatzen denean, zaintza eta prebentzioa are garrantzitsuago bihurtzen dira, jende askok ez baitaki arrisku txiki bat nola bihur daitekeen larri segundo gutxian. Debako hondartzak lan egiteko testuinguru polita eskaintzen du, baina etengabeko arreta eskatzen du.

Gaur egun nolako kasuak izaten dituzue, bereziki?  
A.A.: Beroaren eraginez lipotimia ugari izaten dira. Marmoken eta xabiroien edo salberen ziztadak ere ohikoak dira udan eta, hondartzan jende asko dabilenean, umeak sarritan galtzen dira. Haitz artean dabiltzanek, bestalde, ebakiak egiten dituzte maiz. Eta, era berean, zorabioak ere izaten dira tarteka, batez ere adinekoen artean edo gehiegizko esfortzu fisikoaren ondorioz. Noizbehinka erreskateak egin behar izaten ditugu, bainulariak korronteak harrapatuta geratzen direnean edo norbaitek uretan osasun arazoren bat izaten duenean.

Larrialdiei aurre egiteko zer baliabide dituzue eskura?
A.M.: Gure lana ahalik eta azkarren eta segurtasunez egiteko hainbat tresna ditugu. Adibidez, gure artean walkie-talkie bidez komunikatzen gara eta jendeari oharrak emateko megafonia daukagu. Uretan erreskateetan laguntzeko hegatsak eta ekipamendu berezia baliatzen dugu eta lehorrean beti izaten ditugu prest lehen sorospenetarako botikina eta desfibriladorea. Horrez gain, arnasketa artifizialerako maskarak, lepoko zerbikalak edota manta termikoak ere badaude. Bestalde, ohol handi bat eta uretako motorra ere baditugu eta horiek asko errazten dute gure lana.

Norbait larri edo estutasun batean ikusiz gero, besteok zer egin dezakegu laguntzeko?
A.M.: Garrantzitsua da lasai eta arduraz jokatzea, eta berehala sorosleei abisatzea edo hurbilen dagoen postura joatea. Inguruan soroslerik ez badago eta egoera larria bada, 112ra deitu behar da laguntza eskatzeko. Ez da komeni erreskate prestakuntzarik gabe uretara salto egitea, arrisku handia baitago. Horren ordez, ahotsa erabiliz edo seinaleak eginez eskatu daiteke laguntza.