Zeinen polita den txupinazoaren ondoren bandaren atzetik gure erraldoiak kaleetan barrena dantzan ikustea. San Roke egunean gure patroiaren atzetik prozesioa egin eta plaza zaharrean larrain dantza dotore batekin gure santua agurtzea. Eta zer esanik ez abuztuaren 18an erraldoien agurrean biltzen den jendetza ikustea eta txalo zaparradak entzutea, plaza bete-bete dagoela.
Zoragarria da, zalantzarik gabe, eta are gehiago gure herriko txikien aurpegiak eta begirada erraldoien saretxo barrutik ikustea eta sentitzea.
Batzuentzat zoragarria, besteentzat hunkigarria, polita, zirraragarria. Eta izango da erraldoiak ikustean ezer sentitzen ez duenik ere. Kasuak kasu, erraldoien taldeak deialdi bat egin nahi die herritarrei.
Jende kopuruari dagokionean egoera kritikoan gaudela aitortu behar dugu eta, ohitura eta emozio hauek mantentzen jarraitu nahi badugu, beharrezkoa ikusten dugu taldera jende berria hurbiltzea. Aldaketarik eman ezean, gure erraldoiek herriko kaleak alaitzeari eta dantzatzeari utziko diote, tamalez. Taldekideok penaz biziko genuke hainbeste gustatzen zaigun eta maite dugun ohitura honek jarraipenik ez izatea. Hain maitea dugun Salvak egindako lana azpimarratu dezagun, bera izan baitzen gure erraldoien pausoen eta dantzen maisu! Beraz, bidean aurrera egin eta taldearen jarduna eten ez dadin, taldekide izatera gonbidatzen zaituztegu!
Gogotsu baldin bazaude, hurbil zaitez edozein taldekiderengana edo idatzi debakoerraldoiak@gmail.com helbidera.
Esan bezala, aldaketarik ematen ez bada, hau izango baita azken urtea.