Ozio-Biden jarri dute hitzordua Manolo Pascualek eta kazetariak. Lasai dago elkarte gastronomiko historikoa, otorduen eta festen ohiko burrunbatik urrun; Ozio-Bide 75 urte 1947-2022 liburua mahai gainean jarrita aritu gara berriketaldian. Aurrez ere bada herrian danborrada aipatzen duen idatzirik, baina Ozio-Bideren lehenengoa 1946an izan zen eta Pascualek du ikuskizunaren ardura nagusia 2000tik. Urtemuga aitzaki hartuta, atzera eta aurrera begira jarri dugu danbor nagusia. Urtero hunkitzen bada ere, aurtengoa "berezia" izango dela aitortu du.
Aurten beteko dira 25 urte danbor nagusiaren lekukoa hartu zenuenetik. Nolatan animatu zinen aginte makila hartzera?
Kalean geratu ninduen Txema Vitoriak. Ez dakit lehenago beste norbaitekin hitz egin ote zuen, baina musikaz zekien norbait behar zuten danbor nagusi izateko eta Ozio-Bideko bazkide baldin bazen, hobe. Debako Musika Banda bizpahiru urte lehenago laga nuen, elkarteko bazkide ere banintzen eta nik ez dakit ezetz esaten... Egia esan, gogo handirik ez neukan. Hemezortzi bat urte egin nituen bandan eta leku ugaritako danborradetan parte hartzen genuen (Deban, Mendaron, Donostian...), ez danborra jotzen, musikari gisa baizik. Baina, tira, Txemak lekukoa hartzea proposatu zidan eta, ez dakidanez ezetz esaten, aldaketa 2000. urtean egin genuen. 2001etik nabil zuzendari lanetan.
Nork aukeratzen du danbor nagusi berria? Zeintzuk izaten dira izendapenerako urratsak?
Nire kasuan ez zen prozedura zehatzik izan, Txemak aukeratu ninduen. Danbor nagusia izan zen, lehenago bere aita Isidro izan zelako, salbuespenen batean izan ezik (heriotza bat tarteko). Txemak 36 urte egin zituen aginte makilarekin, nekatuta egongo zen ordurako eta erreleboa nahi zuen. Egia esan, ez dakit oso ondo nolakoa izan zen prozesua elkarte barruan; gaia zuzendaritza batzordean aipatuko zutela pentsatzen dut, baita danborradako kideen artean ere ziur aski. Bandako beste kide batzuk ere Ozio-Bideko bazkide ziren garai hartan eta danbor nagusi izateko profil egokia (musika ezagutzak, adina...) nork izan zezakeen aztertuko zuten. Ez dut uste danborradako inor lekukoa hartzeko prest zegoenik... eta ni animatu nintzen.
Zeintzuk dira danbor nagusiaren zereginak?
Kanpotik ikusten den bezala, egunean bertan zuzendari lanetan jardutea eta danborradaren buru izatea da nire eginkizuna, baina garrantzitsuena danborrada antolatzea izaten da. Antolakuntza lanetarako danbor-joleen batzorde bat daukagun arren, guztia kontrolatzen duena eta gainean egoten dena ni izaten naiz. Lehen Txema arduratzen zen, elkarteko eta danborradako kideen laguntzarekin, eta Pedro Alustiza zenak ere asko laguntzen gintuen.
“2012an oraindik ere emakumeak ez ziren Ozio-Bideko bazkide, hori orain dela lau urte aldatu zen. Baina tira, baldintza beretan sartu behar ziren danborradan”
Zenbat kide ditu gaur egun danborradak?
50 inguru izaten gara taldean: 17 barril, 15 danbor, 20-25 panderojole, banderaduna, gidoia (Debako armarria daramana) eta ni danbor nagusi lanetan.
Ekimen irekia da? Nork parte har dezake?
Printzipioz bai, betiere plaza libreak badaude, baina Ozio-Bideko bazkideek lehentasuna dute. Eta parte hartu nahi duen bazkiderik ez badago, partaideak Debakoak izatea lehenesten dugu, herriarekin nolabaiteko lotura bat izan dezaten. Idatzi gabeko araua da, baina errespetatu egiten dugu; lehen hala egiten zuten eta gaur egun ere hala egiten jarraitzen dugu.
Noiz hasten zarete prestaketa lanetan?
Sanferminak bukatu ondoren hasten naiz guztia antolatzen. Whatsapp taldean galdetzen dut zenbat jende izango dudan, beti baitago arrazoi ezberdinengatik kale egiten duen norbait... Kasu horietan, danborradan parte hartzeko plaza hurrengo urterako gordetzen zaio; behin eta berriz uko eginez gero, aldiz, plaza hori libre geratzen da, beste norbaitek sartzeko aukera izan dezan.
Deialdiak egiten dituzue jendeak izena eman dezan?
Ez. Danborradan jotzeko interesa duenak nigana jotzen du zuzenean eta ni zerrenda bat osatzen hasten naiz. Danbor-jotzaileen kopurua finkoa da, adibidez, ez daukagulako danbor gehiago. Panderojoleen kopurua aldatuz joan da, batzuetan 27 ere izan dira, baina niretzat kopuru aproposena 20 eta 25 artekoa da.
Ikusmira sortzen dute zuen entseguek... Zehaztu al dituzue aurtengo hitzorduak?
Entseguak festen aurreko astean izaten dira; aurten abuztuaren 4tik aurrera egingo ditugu. Kultur Elkartean biltzen gara, 20:00etan. Hiru saio egiten ditugu abuztuaren 14ko danborrada prestatzeko eta beste hainbeste festen azken eguneko emanaldia prestatzeko; egunen arabera bereizten ditut entseguak, hilaren 14an eta 18an ez baitira partaide berdinak irteten danborradan. Saio horiez gain, azken egunean entsegu orokorra izaten dugu bandarekin, aukera dagoenean eta zezen-plaza muntatuta dagoenean.
Zenbat abesti ditu errepertorioak?
Sorozabalen bi pieza (Debako martxa eta Ozio-Bide Polka) eta Sarriegiren beste hiru dauzkagu (Diana, Tatiago eta Iriarena). Bestalde, Jose Ignazio Ansorenak Txemari eskaini zizkion bost abestiak ere interpretatzen ditugu (Mami, Plaza Zaharra, San Roke, Txitxarritoak eta Anguleroak). Eta, gainera, Fefe Urainek sortutako Amaikak-Baten ereserkia ere jotzen dugu plazatik irteteko.
Zein da abestirik kuttunena zuretzat?
Debako martxa, dudarik gabe. Kanta hori plazan jotzen dugun bakoitzean hunkitu egiten naiz, bai edo bai. Dena da berezia: giroa, lekua, eguna... Oilo ipurdia jartzen zait.
Eta danborradako momenturik hunkigarriena?
Ba esango nuke Debako martxa plazan jotzen dugun une hori izaten dela: udaletxean banderak astintzen, jendea saltoka... horrek hunkitzen nau gehien. Abestia jotzen eta dena ondo atera dadin saiatzen zara, baina urtero-urtero subidoi handia da niretzat eta hori ez da aldatzen.
“'Debako martxa' plazan jotzen dugun bakoitzean hunkitu egiten naiz, bai edo bai. Dena da berezia... Oilo ipurdia jartzen zait”
Gauza batzuk aldatu dira 25 urte hauetan; emakumeen parte-hartzea, adibidez. Aurretik ere urteak zeramatzaten panderojole, baina elkarteak 2012an erabaki zuen danborradan emakumeei danbor-jotzaile moduan sartzen lagatzea. Zelan ikusi zenuen aldaketa?
2012an oraindik ere emakumeak ez ziren Ozio-Bideko bazkide, hori orain dela lau urte aldatu zen. Baina tira, baldintza beretan sartu behar ziren danborradan. Gai pertsonala izan zen niretzat, baita beste batzuentzat ere. Urte batzuk neramatzan danborrada zuzentzen eta pauso hori eman ezean kargua uzteko asmoa nuen. Egia esan, uste nuen arazo gehiago egongo zirela, baina gero erraza izan zen dena; batzarrean proposatu nuen eta batzarrak onartu egin zuen. Argi nuen hori aldatu egin behar zela eta aldaketa ematen ez bazen, erreleboa beste norbaiti pasatzeko asmoa neukan. Erronka pertsonala izan zen eta uste dut bazela garaia; berandu iritsi ginen, baina lortu zen.
Bestelako aldaketa garrantzitsurik izan al da mende laurden honetan?
Iaz mutiko bat sartu zen lehen aldiz danborradan panderoa jotzera; danbor-jotzailea zen aldez aurretik eta iaz aldatzea erabaki zuen. Dena dela, oraindik ez da beste mutilik etorri panderoa jo nahi duela esatera...
Atzera begira jarrita... 25 urte eta ehunka anekdota?
Badira batzuk, bai. Abuztuaren 14an elkartean afaltzen dugu, baina bertan ez gara guzti-guztiok batzen eta beti egoten da "despistaturen bat". Azken entsegu egunean prest uzten dugu dena (norbere galtzak, kasaka, kapela, polainak...), hilaren 14an afaldu eta berehala irteteko danborradara. Baina behin baino gehiagotan gertatu da afaltzen egon ez den kideren bat azken orduan agertzea, irteteko prest gaudenean, polainak lapurtu dizkiotela, kapela aldatu egin diotela edo beste zerbait esanez... Aita baten pare ibiltzea tokatu izan zait, bai, falta dena agertzen ote den begiratzen... Elkartean afaltzen dutenak "kontrolatuago" izaten ditugu, baina beste batzuk ba... ezin! (kar-kar). Gogoratzen dut beste behin Ozio-Bide Polka jo ondoren errepidera irten behar ginela eta, ez dakit zer gertatu zen, baina Pedro Alustizak estropezu egin eta txilinbuelta ederra egin zuen danborraren gainetik pasata... danborrada guztia barrez lehertzen, noski!
Jendartea aldatzen da, baina tradizioak pisu handia du oraindik ere. Nola irudikatzen duzu danborradaren etorkizuna? Eta zurea?
Jendea egon badago eta hori positiboa da. Baina, maila pertsonalean, 25 urteren ondoren ordezko bila hasi behar naizela pentsatzen ari naiz. Oraingoz ez dut utziko danborrada, baina 66 urte egingo ditut aurten eta osasunez ondo nagoen arren, urteak azkar pasatzen dira. Dagoeneko badaukat ordezko bat buruan...
“Jendea egon badago eta hori positiboa da. Baina, maila pertsonalean, ordezko bila hasi behar naizela pentsatzen ari naiz”
Beste zerbait gehitu nahi duzu, Manolo?
Bai. 25 urte daramatzat danborrada antolatzen eta koordinatzen eta eskerrak eman nahi dizkiet urte hauetan guztietan danborrada posible egin duten guztiei. Baina ez ditut azken 25 urteak bakarrik nabarmendu nahi; 1946tik gaur egun arte hemendik pasa den jende guztia gogoratu nahi nuke, haiengatik ez balitz danborradak ez lukeelako bizirik jarraituko. Nire atzetik beste bat etorriko da eta ea hark ere urte asko egiten dituen danbor nagusi lanetan. Baina hau talde lana da azkenean, norbaitek koordinatu eta zuzendu dezakeen arren, laguntzen duen jenderik gabe... Nik bakarrik ezingo nuke.