Gaur (uztailak 24), 22:00etan, Xiberoots talde zuberotarraren kontzertua izango da Plaza Zaharrean. Iturri Ondoan egitasmoaren baitako azken hitzordua izango da, hain zuzen ere, eta antolatzaileek jakinarazi dute eguraldi txarra eginez gero, zuzenekoa zumardiko karpan entzuteko aukera egongo dela.
Euskal doinu tradizionalak eta reggaea uztartzen dituen taldeak 2013an ekin zion bere ibilbideari, eta gaur egun Zer agitüko hirugarren diskoaren aurkezpen bete-betean sartuta daude. Deba bira horretako geralekuetako bat izango da, eta ordu eta erdi inguru iraungo dituen kontzertuan, bertaratzen diren guztiak dantzan jartzea dute helburu. Azken diskoan jasotako abestiez gain, beraien ibilbideko abestirik esanguratsuenak entzuteko aukera ere izango da.