Beste urte batez, Debako Musika Bandak kontzertu berezia prestatu du uztaileko azken larunbaterako. Hilaren 26an eskainiko du, hain justu, udako dantzaldia; 23:00etan izango da, Foruen Plazan. San Roke festen aurreko azken emanaldia izango da.
Musikariek jakinarazi bezala, adin ezberdineko herritarrei zuzendutako saioa izango da eta "musikaz gozatzeko eta gorputza mugitzeko" aukera izango da bertan. Aurreko urteetan bezalaxe, aurten ere anitza izango da interpretatuko duten abesti sorta. Besteak beste, pasodobleak, euskal abestiak, pop kantak edota rantxerak izango dira tartean.
Dantzaldiak bi zati izango ditu eta musikariek 10-15 minutuko atsedenaldia egingo dute tartean. Aurten, bandako bazkideen artean bi lagunentzako bi otordu zozkatuko dituztela aurreratu dute musikariek; zozketa atsedenaldian egingo dute.
Bide batez, pasa den uztailaren 5ean egin zuten kalejira berezian jende asko ibili zela eta oso giro polita sortu zela nabarmendu dute bandako kideek. Esker oneko mezua helarazi nahi izan diete, beraz, herritarrei.