Debako uretan orka talde batek belaontzi bati egindako erasoaren bideoa zabaldu dute

Berriketan 2025ko uzt. 23a, 12:04

Irudiak Frantziako TF1 kate publikoak zabaldu ditu. Komunikabideak elkarrizketa ere egin die Azurea ontziko eskifaiko kideei. 

Orka talde batek Frantziako banderadun belaontzi bati eraso egin zion, ustez, herenegun (uztailak 21) Debako uretan. Berria egunkariaren arabera, 14:00ak aldera izan zen ezbeharra, kostaldetik bi itsas miliatara. 

Itsas Salbamendu Zerbitzuek momentu horretan ontzian zihoazen bi pertsonak erresketatu behar izan zituzten. Onik eraman zituzten Getariako portura, baina azaldu dutenez, erasoaren ondorioz lema hautsia zuen Azurea izeneko ontziak. 

Atzo (uztailak 22), bestalde, Frantziako TF1 kate publikoak gertaeraren bideoa zabaldu zuen, bere sare sozialen bidez. Bide batez, eskifaiko bi kideen testigantza ere jaso dute bertan. 

Euskal kostaldean oso ohikoa ez den gertaerak zeresana eman du jendartean eta askotariko iritziak entzun dira azken orduotan. Izan ere, antzeko kasuak Galizian eta Gibraltar inguruan ezagutu diren arren, oso gutxitan izan dira Bizkaiko golkoan.