Irudiak eta musika uztartuko dituen Begiradak emanaldi berezia izango da gaur gauean

Berriketan 2025ko uzt. 18a, 10:46

Iturri Ondoan egitasmoaren baitan antolatutako hirugarren hitzordua 22:00etan izango da, Plaza Zaharrean. Kanboko herritarrak ere batu dira aurten egitasmora.

Joan den ostiralean antzerkia izan zen protagonista Plaza Zaharrean, eta gaur (uztailak 18) gauerako deituta dago aurtengo Iturri Ondoan programazioko hirugarren hitzordua; 22:00etatik aurrera, zehazki, hamabigarren aldiz datorkigun Begiradak ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da.

Udal iturriek nabarmendu bezala, gaurkoa literatura, irudiak eta musika uztartuko dituen kultur emanaldi berezia izango da: "12 urte jada Begiradak antolatzen hasi ginenetik. Ordutik hona zenbat irudi, zenbat testu, zenbat kantu eta antzerki ikusi eta entzun ote ditugu, zenbat dantza... Herritarrek herritarrentzat sortuak guztiak, hartu-eman betean".

Bada, herritarren saretzea eta sorkuntza helburu, bide berean jarraitzen du ekimenak, "kide zaharrei helduz eta berriak ekartzen saiatuz, kostatzen zaigun arren, aitor dezagun".

25. urtemuga

Aurten, dena den, "sorpresatxo bat" dakar ikuskizunak, Deba eta Kanboren arteko senidetze hitzarmenaren 25. urtemuga betetzen dela eta, hango herritarrak batu baitira egitasmora; irudigile zein idazle lanetan arituko diren zazpi partaide berri. "Pozik eta gogotsu gaude, ikuspegi desberdinak, egiteko eta idazteko beste modu batzuk, hots diferenteak... Begirada berriak ekarriko dizkigutelako, ziur", aurreratu dute.

Datorren ostegunean (uztailak 24) amaituko da aurtengo Iturri Ondoan egitasmoa. Xiberoot taldearen kontzertua izango da 22:00etan.