Musika eta kirola uztartuko dituen egitarauarekin dator biharko Galerna Festa

Berriketan 2025ko uzt. 18a, 10:08

Askotariko ekintzak izango dira aukeran. Jarduera batzuetan parte hartzeko beharrezkoa da aurrez izena ematea. 

Programa parte-hartzailearekin ospatuko dute Galerna Festa. Debako Gazte Asanbladak antolatu du jaia eta, zehaztu dutenez, 10:00etan emango diete hasiera ekintzei. Ordu horretan, kuadrillek mahaiak muntatuko dituzte zumardiko karpan.

11:30ean, berriz, baltsa lasterketa izango da. Maxpetik hasi eta ibaian behera dagoen tartea osatu beharko dute parte hartzaileek. Antolatzaileek azaldu dutenez, baltsa norberak eraiki beharko du eta taldeak, gutxienez, lau pertsonakoak izan beharko dira. 13:30ean, paella lehiaketari ekingo zaio.

15:00etan, bazkari herrikoia izango da. "Bazkari autogestionatua izango da. Hau da, norberak bere janaria, mahai-tresnak eta mantela ekarri beharko ditu", zehaztu dute antolatzaileek. Azpimarratu dutenez, baltsa lasterketan, paella lehiaketan eta bazkarian parte hartu ahal izateko beharrezkoa da aurrez izena ematea.

Musikarekin agurtuko dute eguna. 19:00etan, Patxangoi Elektrotxarangarekin kalejira izango da eta, 22:30ean, Rodeo eta Skaregekasko taldeen kontzertuak izango dira karpan. Jarraian, DJen emanaldiez gozatu ahal izango da.