Harrera ezin hobea ari da izaten Brigade Loco musika taldeak, Aiora Renteria Zea Mayseko abeslariak eta Amets Arzallus bertsolariak euskal presoei laguntzeko Harrera Elkarteari eskaini dioten Harrera leku bat abestia. Hilaren 4an zintzilikatu zutenetik, bi aste baino gutxiagoan, 11.000 ikustaldi baino gehiago izan ditu Youtuben. Spotifyn, bestalde, ia 21.000 erreprodukzio izan ditu kantuak.
Denen artean ondu dute abestia: kantuaren hitzak Arzallusenak dira, eta Brigade Locok eta Renteriak jarri diote musika eta ahotsa. Harrerak zehaztu duenez, presoek "urteetako espetxealdien, erbesteratzeen eta deportazioen ondorioz jasan behar izaten duten errealitate gordinaren berri" ematen dute Arzallusen hitzek.
5.000 baietz
Harrera Elkartea 5.000 baietz deritzon kanpaina betean sartuta dabil egunotan eta kantua, kanpainara batzeko eta bazkidetzeko gonbidapen bezala erabili nahi izan du elkarteak.
Gaur egun 3.500 bazkide ditu, eta gehiago bildu nahi ditu: hain zuzen ere, 5.000 izatea da kanpainaren helburua.