Biharko (uztailak 12) Sasiolako historian sakondu eta ingurua ezagutzeko bisita gidatua antolatu du Kultur Elkarteak. Alex Turrillas historiazalea arduratuko da 10:30ean hasiko den bisita gidatzeaz, eta aurreratu dutenez, azalpenak gazteleraz emango ditu.
Txangoa adin guztietako bisitariei dago zuzenduta, eta, ohi bezala, oinez egingo dute Sasiolara joan-etorria. Plaza Zaharra izango da hitzorduaren abiapuntua, eta bidean zehar zein Sasiolan bertan, Turrillasek Paleolito garaiko historiaurreaz, Deba ibaiko merkataritza trafikoaz, bandokideen gerraz, Gaztelako Erkidegoetako gerraz edo Sasiolako fronteko Konbentzio Gerraz jardungo du, "Sasiolako Erdi Aroko dorrearen eta ondorengo komentu eta ospitale frantziskotarraren jatorria eta gorabeherak ahaztu gabe".
Bigarren bisita gidatu bat
Historiazale debarrak, gainera, beste bisita gidatu bat eskainiko du hilabete honetan. Zehazki, uztailaren 26an Debako Santa Maria eliza bisitatzeko aukera egongo da. Hitzordua 11:00etan izango da, Plaza Zaharretik abiatuta.
Kultur Elkarteko kideek azpimarratu dutenez, bi bisitak doakoak izango dira.