'Dada ü Lala' antzezlana aurkeztuko dute gaur Iturri Ondoan

Berriketan 2025ko uzt. 11a, 09:35

Emanaldia Plaza Zaharrean izango da, 22:00etan.

Bertsoek hartu zuten Plaza Zaharra joan den ostiralean eta gaur (uztailak 11) umorezko antzerki ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da. Dada ü Lala antzezlana taularatuko dute Les Bobé-Bobè konpainiako Josune Velez de Mendizabal eta Ane Gebara aktoreek, Jason Guerra zuzendariaren gidaritzapean. 22:00etan hasiko da Iturri Ondoan egitasmoaren baitan aurten antolatutako bigarren ikuskizuna.

Hala dio sinopsiak: "Mundua ulertezina den garaietan bi emakumeei ulerterraza den, zentzua daukan eta koherentziadun zerbait eskatzen dieten momentuan sortzen den ekatonbe artistikoaren eztanda. Boom grrr pum pam fliiis! Txof… Hitzak ez du balio jada. Gu Dada ü Lala gara. Dadaismoaren apurketarekin eta hizkuntzaren balio (ezarekin) konektatzen dugu. Zer moduz dena? Autentikoak izatea eta nahi duguna egitea da gure bizitza helburua".