Ekainetik, Euskal Kostaldeko Geoparkeak lanerako gune berria du Debako Simon Berasaluze Plazaren 3.ean. Aurrerantzean, beraz, Geoparkea ez da Debako Turismo Bulegoaren baitan kokatuta egongo.
Uztailaren 3an egin zuten inaugurazio ekitaldia, Debako, Mutrikuko eta Zumaiako udaletako eta Debegesako (Debabarreneko Garapenerako Agentzia) ordezkaritza zabalaren presentziarekin, besteak beste. Azaldu dutenez, mokadu baten bueltan eta lagunartean abiatu zuten fase berria.
Alazne Txurruka Debako alkatea ekitaldian izan zen eta hark adierazi zuenez, garrantzitsua da Geoparkea gerentzia Deban edukitzea, "horrek mapan kokatzen gaituelako; honela sinetsita geunden eta horregatik egin dugu egoitza berriaren aldeko esfortzua”.
Leire Barriuso Geoparkeko kuadeatzaileak, berriz, zera azpimarratu zuen: "Geoparkearentzat jauzi kualitatiboa da bulego berri hau eta asko eskertzen diogu Debako Udalari egin duen apustua, alde batetik, egoitza berriaren instalazioengatik eta, bestalde, zentralitatea emanez Debak Geoparkean duen garrantzia azpimarratzeagatik". Testuinguru horretan jakinarazi dute 99,63 metro koadroko lan-espazio berriak bilera-gela, atsedenlekua eta komun egokituak dituela, besteak beste, "lan-ingurune egokiagoa eta profesionalagoa eskaintzeko".
Elkartearen egoitza
2009an sortu zen Euskal Kostaldeko Geoparkearen kudeaketarako Elkartea, Geogarapen. Gaur egun, honako bazkideek osatzen dute elkartea: Debako, Mutrikuko eta Zumaiako udalak; Gipuzkoako Foru Aldundia; Eusko Jaurlaritza; UNESCO Etxea; Aranzadi Zientzia Elkartea; Debemen, Debabarreneko Landa Garapenerako Elkartea; Urkome, Urola Kostako Landa Garapenerako Elkartea; Debegesa, Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkartea; eta Urola Kostako Mankomunitatea.