Debako Arte Eskola izango dute hizpide Marea Gora zikloaren baitako hurrengo solasaldian

Berriketan 2025ko uzt. 8a, 09:56

Debabarreneko Ikasten Esperientzia Eskolaren ekimenez, Debako Arte Eskola. Sorkuntza, eztanda eta Haur Adierazpen Tailerra hitzaldia emango dute bihar (uztailak 9) Jose Mari Larramendik eta Mikel Mendizabalek. 19:00etan izango da hitzordua, Kultur Elkartean.

Debabarreneko Ikasten Esperientzia Eskolak antolatutako Marea Gora zikloaren baitan aurten egingo den bigarren saioak herriko historian murgiltzeko aukera dakar bihar (uztailak 9) Debara. 19:00etan Kultur Elkartera gerturatzen direnek Debako Arte Eskola. Sorkuntza, eztanda eta Haur Adierazpen Tailerra hitzaldia entzuteko aukera izango dute Jose Mari Larramendiren eta Mikel Mendizabalen ahotik.

Bi hizlarien testigantzak oinarri hartuta, Debako Arte Eskolaren historiaz eta espazio horrek izandako eraginaz ariko dira Kultur Elkartean. Horrez gain, Deban 1970ean egin zen Haur Adierazpeneko Tailerrean bizitako esperientziak ere partekatuko dituzte. 

Biharko hitzaldiaren ondoren, uztailaren 16an izango du jarraipena Marea Gora zikloak, profil eta ibilbide ezberdineko gonbidatuekin.