Ikasturte honetan bi taldek parte hartu dute Gaztetxoak Eskolako teknikariek eman duten ikastaroan, eta, orain, ikasleak praktikak egiten ari dira han eta hemen. Guztira, 27 lagun izan dira ikastaroa bukatu dutenak: Eibarkoak dira 9, Mutrikukoak 6, Mendarokoak 5, Debakoak 3, Soraluzekoak 2 eta Elgoibarkoak beste 2. Praktikaldia bukatu ondoren, Eusko Jaurlaritzak homologatutako Haur eta Gazteen Aisialdirako Begirale titulu ofiziala eskuratuko dute.
Antolatzaileek egitasmoaren gaineko balorazio positiboa egin dute eta, izan duen "arrakasta" ikusita, datorren urtean ere eskainiko dute ikastaroa.
Ikastaroa euskaraz izango da eta ikasleek 18 urte izan beharko dituzte atal teorikoa amaitzen denerako, hau da, 2026ko ekainaren 30erako.
Iraupena:
Ikastaroaren atal teorikoa urrian hasi eta maiatzean bukatuko da. Jarraian bi tutoretza saio izango dira.
- Atal teorikoa (150 ordu) era praktikoan gauzatuko da. Ikastaroan, gainera, asteburu osoko hiru irteera egingo dira.
- Praktikak: boluntario gisa bete beharreko 160 aisialdi-ordu izango dira.
Ordutegia:
- Larunbatetan 9:30-18:30 (1:15 bazkaltzeko).
- Asteburu osoko hiru irteera: larunbateko 10:00etatik igandeko 15:00etara.
Larunbatetako saioak Debabarreneko bi herritan izango dira (izen-ematearen arabera).
Izen-ematea:
Ikastaroaren prezioa 300 eurokoa izango da, baina Debabarrenean erroldatuta daudenek matrikularen erdia ordainduko dute soilik, 150 €.
Izen-ematea zabalik dago dagoeneko, eta irailaren 19ra arte egin daiteke, online: izen-ematea. Informazio gehiago behar izanez gero, eibarrenakebai@gmail.com helbidera idatzi edo 943 70 84 26 eta 688 85 49 65 (Whatsapp-ez ere bai) telefonoetara deitu daiteke.