ELKARRIZKETA

Andrea Aldalur: “Ezin da hitzez azaldu eszenatokira igotzean bizi duzun sentsazioa, ez nuke ezergatik aldatuko”

Berriketan 2025ko uzt. 7a, 09:24

Kulunkan hasi zuen bere ibilbidea Andrea Aldalurrek (Deba, 2005) eta dagoeneko hamabost urte daramatza dantzaren munduan murgilduta. Gustura ari da eta ikasten jarraitzeko asmoa du. Ilusioz ekingo dio, hortaz, ikasturte berriari irailean. Hamar hilabeteko egonaldia egingo du Alemanian; Berlingo Dart Dantza Konpainiak dantzari gazteentzat eskaintzen duen Dart DSP programan (Professional Dance Program) parte hartuko du.

Andrea Aldalurrek jaioterrian eman zituen lehen pausoak dantzari gisa, lau urterekin. Ez omen zuen oso gogoko hasieran, baina badirudi gustua hartu diola orain dantzari. "Dantza egiten ari naizenean ez dut beste ezertan pentsatzen", aitortu du. Azken urteotan dantza ikasketak egin ditu Gasteizen eta Alemaniarako bidea hartuko du laster, pozarren: "Ikasten jarraitzeko, ahal dudan guztia hobetzeko eta jendea ezagutzeko gogoz nago".

Erronka berri bati ekingo diozu laster Berlinen, Dart Dantza Konpainiaren DSP programan parte hartzeko aukera izango baituzu. Zertan oinarritzen da zehazki? Zertan ariko zara datozen hilabeteotan?

Dart Dantza Konpainiaren ikasketa-programan ariko naiz. Berez, maila profesionalera iritsi aurretik esperientzia hartzen laguntzen dizun programa bat da; dantzari profesionalekin lan egiteko aukera ematen du eta mugimendua hobetzen laguntzen du. Gainera, programan irakasle desberdinek parte hartzen dute urte osoan zehar eta hori oso lagungarria da teknika eta estilo berriak ikasteko.

Nolatan sortu zitzaizun aukera hori? Programan parte hartzeko sarrera-probaren bat egin behar izan zenuen? 

Florentzian egin nuen dantza proba bati esker lortu dut bertan sartzea. Hainbat konpainiatako kideak izan ziren proba hura ikusten eta haien artean zegoen Dart-eko zuzendaria; egia esan, neuzkan aukera guztien artean hori zen gehien gustatzen zitzaidana. 

Gogorrak izaten al dira sarbide-probak? Alegia, zaila izan al da horra iristeko prozesua?

Nire ustez, probak bere horretan ez dira zailak izaten; azken finean, balleteko eta dantza garaikideko eskola bana egiten dugu probetan eta dantzariak horretara ohituta gaude, eskola horiek egunero egiten baititugu. Zailena probara iristeko bidea izaten dela esango nuke: egiten duten lehenengo aukeraketa, bideoen grabazioa, eguneroko lana, bidaiak, gastuak...

Aurreikusten al zenuen hautatuen artean egotea? Pozik al zaude? 

Ez nuen espero, baina oso pozik nago, noski. Konpainia gehienek proba egin ondoren, unean bertan, esaten dizute onartuta zauden ala ez, baina beste batzuek beranduago eman ziguten beren erabakiaren berri (emailez) eta azken horien artean zeuden, hain justu, Dart konpainiakoak. Proba egin eta astebetera mezu batzuk iritsi zitzaizkidan, adibidez, baina ez neukan Dart-en berririk eta beste aukerek ez ninduten guztiz konbentzitu... Hilabete beranduago jaso nuen azkenean Dart-eko kideen mezua eta harriduraz hartu nuen, hainbeste denbora pasa ostean ez bainuen espero. Kontua da konpainiak audizio itxiak izan zituela garai berean, bideoz nahiz presentzialki, eta nik ez nituen egin, uste nuelako ez nindutela onartuko. Audizio itxiak amaitu eta Florentziako proba egin ondoren, hautaketa orokor bat egin zuten eta horregatik abisatu zidaten hain berandu. Ezin nuen sinetsi.

Zenbat hilabete egingo dituzu Berlinen? Zer ikasi nahiko zenuke bertan?

Irailean hasiko naiz eta ikasturtea egingo dut bertan, ekainera arte. Esperientzia bete-betea izatea espero dut; ikasten jarraitzeko, ahal dudan guztia hobetzeko eta jendea ezagutzeko gogoz nago.

Zer giro dago Berlinen dantzaren inguruan? Eta Alemanian oro har?

Ez naiz inoiz bertan egon eta, egia esan, ez dakit oso ondo zer giro aurkituko dudan. Entzun dudanaren arabera, badakit hemengoarekiko oso desberdina izango dela, baina primeran moldatuko naizela uste dut. Egia esan, dantzaren munduan hemen baino aukera gehiago daude bertan. Beraz, ahalik eta gauza gehien egitea eta nire proiektuak aurrera eramatea izango da erronka. 

Ballet klasikoko eskolak hartuko dituzu, baita dantza garaikidekoak nahiz beste estilo batzuetakoak ere… Aurretik ere diziplina ezberdinetan aritu izan zara? Aukeran, zein duzu gustukoen?

Beti ibili naiz klasikoan eta garaikidean murgilduta eta txikia nintzenean gimnasia erritmikoa ere egiten nuen, baina nire dantza estilo gustukoena neoklasikoa da; dantza klasikoaren teknika erabiltzen da, baina garaikidearen mugimenduekin uztartuta.

Noiz eta nola hasi zinen dantzan? Lehen urratsak Kulunkan egin zenituen txikitan, ezta? 

Lau urte nituenean hasi nintzen dantzan eta 15 urte bete arte aritu nintzen Kulunkan. Hasieran ez nuen oso gustuko, txikitatik gehiago ibilia nintzelako beti kotxeekin, korrika edo beste edozer gauzatan jolasten, baina adineko gehienek taldean izena eman zutela ikusita, nik ere hala egin nuen. Gogoratzen dut amari balleta egin nahi nuela esan niola eta berak hiru egun ere ez nituela egingo erantzun zidala. Baina oso burugogorra naizenez, arrazoia izan behar beti! Eta horri esker jarraitzen dut hemen 15 urte beranduago.

“Kulunkak hainbat gauza eman eta irakatsi dizkit. Bertan eman nituen lehenengo pausoak eta beraiek irakatsi zidaten dakidan guztia”

Zer eman dizu Kulunkak? Ikasturte amaierako emanaldian parte hartu berri duzu, adibidez, zuk sortutako lan bat taularatuz. Harreman estua al duzu taldekideekin?

Kulunkak hainbat gauza eman eta irakatsi dizkit. Bertan eman nituen lehenengo pausoak dantzan eta beraiek irakatsi zidaten dakidan guztia; nik ere dantza gustuko izatea lortu zuten eta bertan hasi nintzen nire estiloa finkatzen. Adiskidetasuna zer den eta taldean lan egiten ere ikasi nuen. Beti gogoratzen dut bertan ezagutu dudan jendea. Taldekideak kalean ikusteak ilusioa egiten dit beti.

Gasteizko Jose Uruñuela dantza kontserbatorioan egin dituzu azken urteak. Zer nolako esperientzia izan da? 

Ikasketa prozesu betea izan da, ezinbestekoa dantzaren mundua ezagutzeko eta bertan murgiltzeko. Ez da oso esperientzia "polita" izan, bertan pasa ditudalako urterik txarrenak, baina oso oroitzapen onak eta ahaztezinak ditut; oso lagun onak egin ditut, asko ikasi dut eta nire helburuak lortzen lagundu dit.

Zergatik gustatzen zaizu hainbeste dantza? Zer eskaintzen edo ematen dizu?

Oso exijentea izan naiz beti. Balletak perfekzioa bilatzen du anatomikoki naturalak ez diren posizioetan eta dantza egiten ari naizenean ez dut beste ezertan pentsatzen. Perfekzioa bilatu arren, perfekzio hori ez du inork inoiz lortzen, ezta munduko dantzari onenek ere. Ondorioz, egunero aurreko egunean baino hobeto egin behar duzu dantza, eta horrek zure burua hobetzen laguntzen dizu. Era berean, ezin da hitzez azaldu lan guztia egin ondoren eszenatokira igotzean bizi duzun sentsazioa, ez nuke ezergatik aldatuko.

Nola deskribatuko zenuke zure estiloa?

Garbia, sinplea, bisuala eta arretatsua da.

“Oso exijentea izan naiz beti (...). Perfekzioa bilatu arren, perfekzio hori ez du inork inoiz lortzen, ezta munduko dantzari onenek ere”

Dantza eta interpretazioa eskutik helduta doazela esan ohi da; taula gainean eraldatu egiten zarela esan genezake?

Egia da oso desberdina dela entseguetan edo eszenatoki gainean dantzatzea. Entseguetan teknikan jartzen duzu arreta, pausoak behar bezala egiteko eta zer hobetu dezakezun ikusteko. Taula gainean, ordea, ezin duzu hori egin publikoa aspertu egiten delako; bertan, adierazi nahi duzuna ikusleei iristea da garrantzitsuena, pausoak nola irteten diren, koreografia ahaztu zaizun edo arropa erortzen hasten ote den kezkatu gabe.

Zertan bereizten dira eguneroko Andrea eta oholtza gaineko dantzaria?

Eguneroko Andrea ez da oholtzan agertzen denarekiko batere desberdina. Agertokiak  "botere" bat ematen dizu, une horretan zuri begira daudelako denak, arreta osoa zugan jarrita, baina botere hori bera ken diezazuke proportzio handiagoan arrazoi beragatik. Beraz, ikusten duzuna naiz, bai kalean, bai eszenatokian.

Zaila egiten al zaizu zure bizitzako gainontzeko arloak dantzarekin uztartzea?

Bai, eskola ordu asko izaten ditugu eta ia egun osoa ematen dugu entseguetan. Geratzen zaigun denbora libre horretan egin behar izaten ditugu gainontzeko gauza guztiak... Azken finean, beste ikasketa batzuk egiten edo lanpostu batean lanean ari den jendeari gertatzen zaiona gertatzen zaigu. Plan askori uko egin behar izaten diot, beti daukadalako dantzarekin zerikusia duen zerbait, emanaldiren bat, audizioren bat... Oporretan ere entrenatzen jarraitu behar duzu. 

“Dantza ogibide bat da gaur egun eta hala izan da betidanik, baina gai honi buruzko informazio asko falta dela iruditzen zait”

Gaur egun dantza ogibide izan al daiteke?

Dantza ogibide bat da gaur egun eta hala izan da betidanik, baina gai honi buruzko informazio asko falta dela iruditzen zait. Dena den, ez da harritzekoa, ni neu mundu honen barruan nago eta oraindik ere ez daukat informazio guztia. 

Zer asmo duzu aurrera begira? 

Proiektu asko ditut buruan eta gutxika-gutxika banoa horiek abian jartzen. Dena dela, momentuz irailean Berlinera joatea da nire asmoa, eta gero ikusiko da.