Debako Musika Bandak kalejira berezia egingo du bihar

Berriketan 2025ko uzt. 4a, 11:27

Debarren Egunetik emanaldirik egin gabe egon ondoren, bihar (uztailak 5) berriz irtengo kalera dira Debako Musika Bandako kideak.

Azaldu dutenez, 19:00etatik 21:30era, Musika Eskolatik atera eta herriko bazterrak alaitzen ibiliko dira ondoren egingo duten kalejiran. "Azken urteotan kontzertu bereziren bat eskaini ohi dugu data hauetan, baina aurten kalejiran irtengo gara", zehaztu dute.  

Ohi bezala, Fefe Urain zuzendariaren aginduetara ariko dira musikariak. Zuzendariak aurreratu duenez, hitzordura begira bandak errepertorioa berritu du. "Azken boladan kantu berriak prestatzen aritu gara. Askori ezagunak egingo zaizkien abestiak joko ditugu, hala nola El canto del loco, Los Rodriguez eta Amaral taldeen kantu ezagunenak. Horrekin batera, Euskal Herriko eta atzerriko beste zenbait talderen piezak ere eskainiko ditugu". 

Bandako kideek herritar guztiak gonbidatu dituzte hitzordura. "Beti bezala, estilo ezberdinetako abestiak joko ditugu, nahi beste abestu eta dantzatu ahal izateko". 

Udako dantzaldia

Bide batez, bandako musikariek gogorarazi dute uztailaren 26an udako dantzaldia eskainiko dutela Foruen Plazan. "23:00etan izango da hitzordua, eta harako ere errepertorioa berritzen saiatu gara", gaineratu du Urainek.