Debako Udalak 2025eko abuztuaren 14tik 18ra ospatuko diren San Roke jaiak iragartzeko kartelaren aukeraketan parte hartzeko gonbitea luzatu die herritarrei. Adierazi dutenez, jaien irudi ofiziala izateko aurrez aukeratutako lanen artean herritarrek gustukoena hautatu ahal izango dute bihar (uztailak 5) eta etzi (uztailak 6).
Udal iturriek zehaztu dutenez, guztira hamar proposamen jaso ditu udalak eta horietatik hiru aukeratu ditu epaimahaiak bozketa herrikoirako. "Hala, iaz egin bezala, aurten ere debarrak izango dira jaietako irudia aukeratzearen arduradun".
Bozketa soilik modu presentzialean egin ahal izango dela azpimarratu dute. Turismo bulegoan egongo da horretarako aukera, honako ordutegian: bihar, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara eta etzi, 10:00etatik 14:00etara. "Proposamen irabazlearen berri datozen egunetan emango da".