Beste urte batez, askotariko ikuskizunak izango dira uztailean Debako Plaza Zaharrean. Euskaraz sortu eta euskaraz pentsatutako diziplina desberdinetako kultur ekitaldiak antolatzea da Iturri Ondoan egitasmoaren ardatza eta aurtengo programazioak lau proposamen biltzen ditu; bertsoez, antzerkiaz, Begiradak ikuskizunaz eta musikaz gozatzeko aukera izango da. Emanaldiak 22:00etan hasiko dira, beti bezala.
Lehen hitzordua uztailaren 4an izango da: Bertso saio espekulatiboa egingo dute Onintza Enbeitak, Sustrai Colinak eta Nerea Ibarzabalek, Leire Vargas gai-jartzailearekin batera. Eta hurrengo ostiralean, hilaren 11n, Dada ü Lala antzezlana taularatuko dute Les Bobé-Bobè konpainiako Josune Velez de Mendizabal eta Ane Gebara aktoreek, Jason Guerra zuzendariaren gidaritzapean.
'Begirada' berriak
Uztailaren 18an literatura, irudiak eta musika uztartuko dituen Begiradak kultur emanaldi berezia izango da, hamabigarrenez. Udalak nabarmendu bezala, "12 urte jada Begiradak antolatzen hasi ginenetik. Ordutik hona zenbat irudi, zenbat testu, zenbat kantu eta antzerki ikusi eta entzun ote ditugu, zenbat dantza... Herritarrek herritarrentzat sortuak guztiak, hartu-eman betean".
Bada, herritarren saretzea eta sorkuntza helburu, bide berean jarraitzen du ekimenak, "kide zaharrei helduz eta berriak ekartzen saiatuz, kostatzen zaigun arren, aitor dezagun". Aurten, dena den, "sorpresatxo bat" dakar ikuskizunak, Deba eta Kanboren arteko senidetze hitzarmenaren 25. urtemuga betetzen dela eta, hango herritarrak batu baitira egitasmora; irudigile zein idazle lanetan arituko diren zazpi partaide berri. "Pozik eta gogotsu gaude, ikuspegi desberdinak, egiteko eta idazteko beste modu batzuk, hots diferenteak... Begirada berriak ekarriko dizkigutelako, ziur", aurreratu dute.
Uztailaren 24an (osteguna) amaituko da aurtengo egitaraua, Xiberoots musika taldearen kontzertuarekin. Euskal doinu tradizionalak reggaearekin nahasten ditu Zuberoan sorturiko taldeak.