Pilar Kaltzadaren hitzaldiarekin abiatuko da bihar Marea Gora zikloa

Berriketan 2025ko uzt. 1a, 09:59

Arg.: Save the Children

Debabarreneko Ikasten Esperientzia Eskolaren ekimenez, Haurra izatea gaur egungo munduan hitzaldia emango du bihar Kaltzadak. 19:00etan izango da, Kultur Elkartean.

Uztailaren 2tik hilaren 23ra bitartean, eskualdeko herritar guztiei zuzendutako lau hitzaldi egingo dituzte Debako Kultur Elkartean, Marea Gora egitasmoaren baitan. Biharko jarri dute lehenengo hitzordua (19:00etan) eta Pilar Kaltzada izango da gonbidatua.

Kaltzada (Donostia, 1970) Save The Children erakundeko Espainiako lehendakaria da eta hogei urtetik gorako eskarmentua du komunikazioaren alorrean. Gogoetarako gaia izango du hizpide Deban, besteak beste, "desberdintasunak, gatazkek eta klima aldaketak markatutako gaur egungo munduan haur izatea zer den" azalduz. Haurra izatea gaur egungo munduan izenburupean ariko da, hain justu, solasaldian.

Uztailaren 9an, 16an eta 23an egingo dira hurrengo saioak, profil eta ibilbide ezberdineko gonbidatuekin.