Lepotik zilarrezko domina bat zintzilik zuela itzuli zen ekainaren 13tik 14ra bitartera Torrevellan (Alacant) ospatutako norgehiagokatik.
Bakarka lehiatu zen BC1 kategorian eta, txapelketa ona egin zuen arren, azken partidan ez zuen urrea lortzeko aukerarik izan. Hala ere, kirolaria pozik azaldu da egindako lanarekin eta lorpen garrantzitsua izan dela nabarmendu du. "Zilarrezko domina lortu izanak meritu handia dauka, baina nire helburua urrea irabaztea zen eta txapelketa hobea egin nezakeela iruditzen zait. Egia esan, nekeak jota iritsi nintzen finalera eta ezin izan nuen nire onena eman", aitortu du.
Finaleko partida izan ezik, gainontzeko norgehiagoka guztiak irabazi zituen Dordoka klubeko kirolariak. Desiree Segarraren aurka ez zuen asmatu, ordea, eta 0-7 galdu zuen.
Arrieta Iratxe Astigarraga entrenatzaile berriarekin joan zen txapelketara eta debarrarekin gustura dabilela aipatu du. "Primeran konpontzen gara. Entrenatzaile indartsu eta trebe bat aurkitu dut eta lagun handia da. Gainera, desgaitasunaren hainbat alderdi ezagutzen ditu eta errespetu handiz laguntzen dit".