Ohiko zahagi erretzearekin dator San Pedro bezpera

Berriketan 2025ko eka. 27a, 09:09

Lubina elkarte gastronomikoaren ekarpenari esker, urteetako tradizioari jarraipena emango diote bihar (ekainak 28) gauean, Deban.

Bihar (ekainak 28) San Pedro bezpera ospatuko da Deban eta, beste behin ere, zahagiak erreko dituzte Plaza Zaharrean. Deba Musikaleko dantzariek eta Kalez Kale taldeko txistulariek alaituko dute gau giroa. 

Hitzordua 22:00etan hasiko da, plazan zintzilikatuta egongo diren bi zahagi lehorrei sua ematearekin batera. Larruak sutan jarri orduko, txistu doinuek eta dantzariek hartuko dute plaza. Iragarri dutenez, txistulariak kalejiran irtengo dira aurrez, 21:00etan, herria girotzeko helburuz.

Ohikoa den modura, La Lubina Ehiza eta Arrantza Elkarteko kideek antolatu dute jaia, elkarteko patroiaren omenez. 1971n berreskuratu zuten ospakizuna, eta orduz geroztik elkartea arduratzen da herriko egutegian finkatutako hitzordua antolatzeaz.