Igandean (ekainak 29) jokatuko da Eibar Igerixan Kirol Klubak antolatutako Flysch Beltza igeriketa zeharkaldiaren hamaikagarren edizioa. Parte-hartzaileek 3.000 metroko ibilbidea egingo dute, Mutrikuko portutik abiatu eta Debako hondartzan amaituz.
Irteera ordua 11:00etan jarri dute eta proba egiteko gehienezko denbora bi ordukoa izango da. Denbora tarte hori gainditzen duten igerilariak probatik kanpo geratuko dira, segurtasun-neurri gisa.
Bestalde, dortsalak, txanoak eta denbora neurtzeko txipak probaren egunean bertan banatuko dituzte, 08:00etatik aurrera, Debako hondartzaren ondoan horretarako prestatutako gune berezian.
Mutrikura joateko autobus zerbitzu berezia eskainiko dute aurten ere. Lehen autobusa 09:15ean irtengo da eta azkena, berriz, 10:00etan.
Proba hasi baino ordu erdi lehenago informazio saio labur bat egingo dutela aipatu dute, "arauak gogorarazteko eta zalantzak argitzeko".
Izen-ematea
Bihar (ekainak 26) amaitzen da izena emateko epea, zehazki gauerdira arte egongo da horretarako aukera. Interesatuek kronoak.com webgunean sartuta izena eman dezakete. Antolatzaileek ohartarazi dute egunean bertan ezingo dela izenik eman.
Proban adin nagusikoek parte hartu ahal izango dute, federatuak izan ala ez. 14 urtetik gorakoek ere parte hartu ahal izango dute, baina gurasoen edo legezko tutorearen baimena eta proba egiteko gaitasun fisikoa dutela baieztatzen duen ziurtagiria beharko dute.