Aldats pilotalekuan izan zen emanaldia, ekainaren 14an, eta balorazio positiboa egin du Alaitz Izaga taldeko zuzendari eta irakasleak. "Oso pozik gaude, bai. Ondo irten zen dena. Dantzariek asko disfrutatu zuten eta lepo bete zen pilotalekua, guztira 450 ikusle hurbildu baitziren ikuskizunera", laburbildu du.
23 koreografia original aurkeztu zituzten dantzariek. Tartean izan ziren, beste behin ere, dantza klasikoak, garaikideak eta neoklasikoak, baita jazz estiloko piezak ere. Gainera, berritasun gisa, Kulunka dantza eskolako kide izandako Andrea Aldalurrek ere parte hartu zuen hitzorduan, berak sortutako lan berri bat taularatuz.
Ikasturteari amaiera borobila eman ondoren, atseden hartuko du orain Kulunkak, baina ez da erabateko geldialdia izango. Izan ere, uztailerako dantza udalekuak prestatu dituzte aurten ere. Bestalde, Izagak gogorarazi du ikasturte berrirako matrikulazioa ere zabalik dagoela jadanik; irailaren 15ean ekingo diote kurtso berriari.
Argazkiak: Igor Baroja