Motorzaleek elkartzeko hitzordua jarrita dute igandean (ekainak 22), Deban. Izan ere, Euskal Herriko Harley-Davidson Klubak topaketa bat antolatu du egun horretarako. Antolatzaileen hitzetan, goizean hasi eta eguerdira arte luzatuko den plana prestatu dute, zumardiko kioskoaren inguruan.
10:45ean jarri dute hitzordua: ordu horretan elkartuko dira zumardiko kioskoan, eta handik abiatuta, eskualdean zehar buelta bat emango dutela iragarri dute. "Hasiera batean, Debatik irten eta Itziar aldera joateko asmoa genuen, baina errepidea itxita dagoenez, Mutrikura joan-etorria egitea erabaki dugu", azaldu dute antolatzaileek. Aurreratu dutenez, 100 bat motor eta gutxi gorabehera 200 motorzale biltzea espero dute irteeran.
Mutrikura egindako ibilaldiaren ondoren, jaia egingo dute motorzaleek zumardiko kioskoaren inguruan. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 12:00etatik aurrera sardina-jana eta edaria eskainiko zaie bertaratzen direnei. "Bost euroren truke sardina plater bat eta edaria eskuratzeko aukera egongo da", zehaztu dute. Eta musika zuzenean ere egongo da; Azkaiter Pelox ariko da giroa berotzen.
Bazkaria
Azpimarratu dutenez, motorrak gertutik ikusteko aukera izango dute kiosko ingurura gerturatzen direnek, eta beraz, nahi duten guztiak ongietorriak izango direla nabarmendu dute.
14:00ak aldera amaituko da ospakizuna, eta guztia jaso ondoren, motorzaleak bazkaltzera joango direla iragarri dute. "Lorean bazkaltzeko asmoa dugu", adierazi dute