Kirol Herri txapelketaren lehen jardunaldia Deban izango da igandean

Berriketan 2025ko eka. 13a, 13:41

Aurrez aurreko lehiak Aldats frontoian jokatuko dira, 12:00etan. Harri-jasotzea eta aizkolaritza uztartzen ditu txapelketak.

Atzo (ekainak 12) Zarautzen aurkeztu zuten ofizialki Kirol Herri egitasmoa. Debako Udalak aipatu bezala, "Sustraia proiektuak sortutako herri kirolen liga berritzailea da eta ETBren babesa jaso du; hala, proiektuak zabalkunde handia izango du telebistan zein sare sozialetan".

Formatu parekide eta dinamikoan oinarritua, Kirol Herri emakume eta gizonezkoen arteko aurrez aurreko lehiak eskaintzen dituen txapelketa ikusgarria da, harri-jasotzea eta aizkolaritza uztartzen dituena.

Lehen hiru jardunaldiak uda honetan jokatuko dira eta Debak hartuko du lehenbiziko hitzordua. Txapelketa etzi (ekainak 15) izango da, Aldats pilotalekuan. 12:00etan emango diote hasiera. Bertan, Mikel Lopetegi Urra, Lierni Osa eta Hodei Ezpeletak osatutako taldeak Beñat Telleria, Maddi Gesalaga eta Mikel Larrañagaren taldea izango du aurkari. Horrez gain, Oihana Fernandez de Barrenak aizkora erakustaldia egingo du.