Argitu, ez suntsitu! elkarteko kide Josetxo Mendiaren hitzaldia hartuko du gaur (ekainak 10) Kultur Elkarteak. Iruña-Veleia. Aztarnategi eta auzi baten historia izenburupean arituko da beasaindarra, gaztelaniaz, eta solasaldi irekia izango dela nabarmendu dute antolatzaileek.
Arabako Langraitz udalerrian aurkitzen den aztarnategiaren historia ezagutzeko aukera eskainiko du solasaldiak eta bertako aurkikuntzek sortutako eztabaidari ere helduko dio Mendiak, auzi judiziala eta gaur egungo egoera ere hizpide hartuta.
Josetxo Mendia (Beasain, 1966) nekazaria da lanbidez, historia zalea afizioz eta Iruña-Veleia Martxan-eko kide ere bada, besteak beste. Elkarte horren izenean, hain zuzen, bisita gidatuak egiten ditu aztarnategian.