Ekainaren 6an eta 7an ospatu dute surfa, kirola, aisialdia eta kultura uztartzen dituen jaialdia, Zurrunbilo Ur Kirol Elkartearen eta Yako eta Ipar surf eskolen ekimenez eta, antolatzaileek laburbildu bezala, "festa ekitaldiz beteta" egon da aurten ere. Zehaztu dutenez, "herritarrak gogotsu murgildu dira antolatutako jardueretan".
Guztia aurreikusi bezala irten zela aipatu dute. Adin guztietako jendeari zuzendutako ekitaldiak izan dira aukeran eta aurten eguraldia ere alde izan dutenez, gustura geratu dira antolatzaileak. "Dagoeneko igartzen da festa hau ospatzen dugun hirugarren urtea dela. Aurreko urteetan baino askoz ere errazagoa izan da guztia. Beraz, eskerrak eman nahi dizkiegu festara gerturatu ziren herritar guztiei eta batez ere ekimena aurrera ateratzen lagundu duten pertsona guztiei, haiek gabe hau guztia ez litzateke posible izango".
Datozen egunetan balorazio "sakonago" bat egiteko asmoa dutela azaldu dute, etorkizunean ere "kirola, musika eta jarduera kulturalak herrira hurbiltzeko antolatutako festa handi hau hobetzen jarraitu ahal izateko".