GUTUNA

Arimen Gaua prestatzen hasteko bilera irekia

Arimen Gaueko talde eragilea 2025ko eka. 9a, 09:33

Azken urte hauetan, urriaren 31ren bueltan, Deban Halloween delakoa ospea hartzen ari zela ikusita eta inguruko beste herri batzuetan, ordea, urteko sasoi horretan (data edo egun berean) bestelako ospakizunak egiten hasiak zirela jakinda, gure inguruko herrietan zehazki zer egin eta ospatzen duten jakiteko informazio bila hasi ginen.

Horrela jakin genuen Euskal Herriko hainbat lekutan ospatzen dituzten jai "berri" horien jatorria gure arbasoen ohitura zahar eta ospakizunetan dagoela. Alegia, Euskal Herrian badugula Halloween baino askoz ere zaharragoa den ospakizun bat eta gure arbasoek Gau Beltza edo Arimen Gaua deitzen ziotela. Gainera, jakin badakigu azken urteetan Euskal Herriko hainbat herritan Arimen Gauaren ospakizuna gaurkotzen eta egokitzen ari direla.

Horiek horrela, pentsatu genuen Deban ere ospakizun horren inguruan zerbait egitea gustatuko litzaigukeela; euskaratik eta euskaraz, herritik sortua eta herriarentzat. Eta iaz ospatu genuen Arimen Gaua lehenbizikoz bertan. Herriko norbanako eta eragile ugariren artean askotariko jarduerez beteriko egitaraua antolatu genuen; urriaren erdialdean hasi eta hilaren 31n bukatu zen egitarau oparoa, hain zuzen ere.

Gure ustez, harrera beroa izan zuen elkarlanean, herrian eta herriarentzat antolatu genuen egitarau zabalak eta pozik gaude gure lanak emandako fruituarekin. Aurtengoan ere, ildo beretik jarraituz eta hobetzeko bidean aldaketa txiki batzuk eginez, Arimen Gaua ospatzera goaz; hilerritik irten eta kalabazek argitzen diguten bidea jarraituko dugu.

Aurtengo Arimen Gaua egosten hasteko garaia dela uste dugu eta horregatik jartzen gara zuekin harremanetan, aurten ere proiektu edo ekimen kolektibo honen parte izatera gonbidatu nahi zaituztegulako. Beraz, lehen pausoak ematen hasteko asmoz datorren ekainaren 12an Kultur Elkarteko liburutegian (19:00etan) izango den batzar irekira gonbidatzen zaituztegu. Besterik gabe, bertan elkartuko garelakoan, agur bero bat denoi!