Ekainaren 14an izango da Kulunkaren ikasturte amaierako jaialdia

Berriketan 2025ko eka. 9a, 09:24

Emanaldirako sarrerak gaur (ekainak 9) jarriko dituzte eskuragarri turismo bulegoan, 4 euroren truke.

Kulunka dantza taldeko ikasleek ikasturte amaierako emanaldi berezia eskainiko dute ekainaren 14an, Aldats pilotalekuan. Alaitz Izaga taldeko zuzendari eta irakasleak adierazi duenez, ikuskizuna 22:00etan hasiko da eta ordu eta laurden inguru iraungo du. 

Adin tarte guztietako 100 dantzarik parte hartuko dute emanaldian eta guztira 23 koreografia original aurkeztuko dituzte. Tartean izango dira, besteak beste, dantza klasikoak, garaikideak eta neoklasikoak, baita jazz estiloko piezak ere. 

Estreinaldiei ere egingo diete lekua. Izan ere, Andrea Aldalur debarrak berak sortutako lan berri bat taularatuko du. Izagak zehaztu bezala, "Aldalur gure eskolako ikaslea izan da txikitatik. Dantza ikasketak egin ditu Gasteizen eta Berlingo DART dantza konpainian onartu dute orain; urtebete egingo du bertan. Harro gaude ikasle bat maila horretara iritsi dela ikusteaz eta bere lana herritarrei aurkezteko gogoz gaude".

Sarrerak

Emanaldirako sarrerak gaur (ekainak 9) jarriko dituzte eskuragarri turismo bulegoan, 4 euroren truke. "Sarrerarik geratzen bada, egunean bertan pilotalekuko atean ere izango ditugu salgai", gaineratu dute antolatzaileek.

Kulunka taldeko kideek jaialdira bertaratzeko deia egin diete herritarrei, beste behin ere. Nabarmendu dutenez, "lan handia egin dugu aurten ere ikuskizuna antolatzen eta ilusionatuta gaude, bai dantzariak, bai irakasleak. Beraz, gonbidatuta zaudete gure lana ikustera eta dantzaz gozatzera".