Ekaineko lehen hamabostaldian bi erakusketa izango dira Deban:
Willy Berasaluzeren Hutsuneak
Ekainaren 6tik 8ra egongo da ikusgai Agirre jauregian. Willy Berasaluze artista debarraren lanez osatutako erakusketak "giza esperientziaren parte diren espazio, emozio eta absentzien inguruan hausnartzera" gonbidatu nahi du ikuslea. Berasaluzek "absentzia, isiltasuna eta bizipen intimoenak eratzen dituzten hutsune ikusezin horiek" aztertzen ditu bere irudietan. Erakusketa zabalik egongo da ondorengo ordutegian: gaur (ekainak 6), 19:30ak arte; larunbatean (ekainak 7), 10:00etatik 13:00etara eta 14:30etik 19:00etara; eta igandean (hilaren 8an), 10:00etatik 13:00etara.
Edoskitze naturalaren inguruko argazki erakusketa
Debabarreneko ESIko emaginen ekimenez antolatutako argazki erakusketa hau ekainaren 13tik 15era egongo da ikusgai udaletxeko pleno aretoan. Erakusketa honen bidez, "amatasunaren funtsezko alderdi bati buruzko begirada hurbila eta errespetuzkoa" eskaini nahi dute antolatzaileek. Ordutegia ondorengoa izango da: ostiralean 18:30etik 20:30era, eta larunbatean zein igandean 12:00etatik 15:00etara.