Zabalik dago Debasket saskibaloi klubean izena emateko epea

Berriketan 2025ko eka. 3a, 10:19

Roke Arantzamendi zuzendaritza taldeko kideak deialdi zabala egin du, baina bereziki neskei eta emakumeei zuzendu die gonbita.

Debasket Saskibaloi Klubeko ordezkariak jada hasi dira 2025-2026 denboraldirako prestaketekin. Taldeetara kide berriak erakartzeko asmoz, interesa duten guztiei taldeetara gerturatzeko gonbidapena egin diete. Hala, izena emateko epea irekita dagoela jakinarazi dute.

Interesa dutenek 621 01 93 83 telefono zenbakira deitu edo debasket@debasket.eus helbide elektronikora idatzi beharko dute. Nahiago izanez gero, klubaren sare sozialen bidez ere jarri ahal izango dira taldekideekin harremanetan.

Roke Arantzamendi zuzendaritza taldeko kideak deialdi zabala egin du, baina bereziki neskei eta emakumeei zuzendu die gonbita. "Talde horiek indartzeko behar berezia daukagu", zehaztu du. 

Hazten doan proiektua

Bestalde, Debasket klub eta proiektu gisa hazten ari dela nabarmendu du Arantzamendik. Bere esanetan, Mutrikuko eta Mendaroko udalekin lortutako akordio berriari esker, Debasket eskualdeko —eta inguruko herrietako— klub bilakatzear da. "Mendaroko eta Mutrikuko udalekin elkarlanean hasi gara. Bi herrietan saski-eskolak martxan ditugu eta gure asmoa etorkizunean Debatik haratago doan eskualde mailako saskibaloi klub gisa indartzen joatea da", adierazi du.