Aurreko edizioetan bezala, ekintza sorta zabala antolatu dute Zurrunbilo Ur Kirol Elkarteak eta Yako eta Ipar surf eskolek elkarlanean, baina bada aldaketarik oraintsu aurkeztu duten egitarauan.
Antolatzaileek azaldu dutenez, adibidez, Arbaso entrenamendu saioa helduentzat izango da aurten eta surf hastapen ikastaroa ez da soilik emakumeentzat izango, "gizonek ere parte hartu ahal izango dute, edonork izan dezan surfa probatzeko aukera".
Zortzi jarduera
Ekainaren 6an, 14:00etan abiatuko da jaialdia, Gaztelekuko kideek hondartzan egingo dituzten jolasekin. 17:00etan, 18 urtetik gorakoei zuzendutako Arbaso entrenamendu saioa izango da, hondartzan bertan. Ordu eta leku berean, oreka eta slackline tailerra egingo dute. Eta 20:00etan Txalainak-en kontzertu akustikoa izango da Ondargain tabernan.
Biharamunean, 08:00etan ekingo diote jardunaldiari, haurren eta gazteen surf txapelketarekin. 11:00etan hasita, berriz, helduei zuzendutako surf hastapen ikastaroa emango dute.
Artisauen azoka izango da 10:00etatik 15:00etara, hondartzako pasealekuan. Azokan, gainera, 12:30etik aurrera Iskra Selectors DJak musika jartzen arituko dira. Festa biribiltzeko, poteo musikatua egingo dute herrian, 19:30etik aurrera.
Izen-ematea
Gogorarazi dutenez, jarduera batzuetan parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea; turismo bulegoan, Yako surf eskolan, Ipar surf & skate eskolan eta kiroldegian dago horretarako aukera.
Zehaztu dutenez, ostiraleko Arbaso training saioan eta larunbateko helduentzako surf hastapen ikastaroan parte hartzeko izena eman behar da.