Debako, Itziarko eta inguruotako herritarrek zientzia munduan egiten duten lana ezagutarazteko helburuz, publiko orokorrari zuzendutako hitzaldi sorta abiatu zuen Kultur Elkarteak maiatzaren hasieran. Jardunaldietako azken saioa gaur (maiatzak 29, osteguna) izango da Kultur Elkartean, 19:00etatik aurrera. Hiru hizlari ariko dira hitzorduan: Julen Mendikute ingeniari industriala, Maialen Beristain matematikaria eta Kepa Zamacola biologoa.
Ingeniaritza industrialean doktorea da Julen Mendikute (Deba, 1994). Mondragon Unibertsitatean egin zuen doktoretza, karbono-zuntzezko osagaien fabrikazioan. 2022. urteaz geroztik, ikertzaile lanetan dihardu IDEKO zentro teknologikoan. Bertan, adimen artifizialeko algoritmoak garatzen ditu, ikuskapen ez-suntsitzailea (NDT) teknologietan aplikatu ahal izateko.
'Akatsik gabeko fabrikazioa: posible al da?'
Hona hemen bere solasaldiaren nondik norakoak:
Kultur Elkartean egingo duen aurkezpenean fabrikazio aurreratuan ikuskapen ez-suntsitzaileko (NDT) teknologien garrantziaz ariko da, akatsik gabeko fabrikazioa lortzeko helburuarekin. Horrez gain, adimen artifizialeko algoritmo aurreratuak NDT teknologia hurrengo mailara eramaten ari direla azalduko du. Posible al da akatsik gabeko fabrikazioa? Materialek dituzten barneko defektuak garaiz detektatzen hondakina gutxitzeko izenburupean egingo du, hain zuzen, solasaldia.
Maialen Beristainek (Deba, 2000) Matematika ikasketak egin zituen Euskal Herriko Unibertsitatean, Matematika Hutsari dagokion aipamenarekin. Ondoren, Padovako (Italia) unibertsitatean egin zuen masterra eta azken lauhilekoan Bilbora itzuli zen, beka baten bitartez master amaierako lana osatzera; praktika egonaldia BCAM zentroan egin zuen. Gaur egun, doktoretza egiten ari da eta ikerkuntza eta irakaskuntza uztartzen ditu uneotan, EHUn irakasle baitabil.
'Matematika bizitza optimizatzeko'
Hona hemen bere solasaldiaren nondik norakoak:
Noizbait pentsatu al duzu nola heltzen diren Internet bidez egindako erosketak zure etxera? Edo nola diseinatzen diren hirietako autobusen ibilbideak? Zer zerikusi dute ataza horiek kutsadurarekin? Eta matematikarekin? Bada, aipatutako galdera horiei guztiei erantzunak ematen eta beste zalantza batzuk argitzen ahaleginduko da hitzaldian. Bide batez, matematikak guztion eguneroko bizitzan duen paperaz eta garrantziaz jardungo du.
Kepa Zamacola (Eibar, 1991) Biologian graduatu zen 2014an EHUn, eta, jarraian, Farmakologia. Medikamenduen Garapena, Balioespena eta Erabilera Arrazionala masterra egin zuen. Ikasketak eta prestakuntza osatzeko, Biologia eta Geologiako irakasleen prestakuntza-masterra ere egin zuen gero, besteak beste. Ondorengo urteetan, Bilboko CicBiogunen zein Donostiako CicBiomagunen garatu zuen ibilbide profesionala, minbiziaren inguruko ikerkuntza taldeetan. Gaur egun, Donostiako Viralgen enpresan dihardu lanean, terapia genikoen arloan murgilduta.
'Medikuntza pertsonalizatura gerturatuz: terapia zelularra eta genikoa gizarteari hurbildu nahian'
Hona hemen bere solasaldiaren nondik norakoak:
Terapia zelularra eta terapia genikoa terapia aurreratuak dira; gaixotasunak beren jatorrian tratatu edo sendatzeko helburua dute eta, horretarako, geneetan eta zeluletan oinarritutako doitasun-terapiak garatzen ari dira. Bi terapia horiek iraultza ekarri dute medikuntzara, tratamendu pertsonalizatuak eskainiz eta lehen tratamendu eraginkorrik ez zuten gaixotasunentzat ere aukera berriak zabalduz. Dena den, eraginkortasuna hainbat faktorek baldintzatzen dute. Ikerketatik fase klinikoetara egiten den ibilbideaz ariko da hitzaldian.