Debako Udalak WhatsAppeko komunikazio-kanal berria jarri du martxan, herritarrei udal-informaziora sarbide arinagoa eta erosoagoa eskaintzeko helburuarekin. "Zerbitzu berri horri esker, debarrek zuzenean euren mugikorretan jaso ahal izango dute udal abisu, albiste edota ekitaldien berri", azaldu du Alazne Txurruka alkateak.
Udaletik ohartarazi duenez, hala ere, kanala ezingo da elkarrizketak izateko erabili, informazio-jarioa norabide bakarrekoa izango baita. "Debako bizilagunek udalari loturiko informazioa, ekintzak eta berrikuntzak modu azkar eta errazean jasotzeko diseinatuta dago kanal hau", zehaztu dute.
Kanalera harpidetzeko urratsak
"Debako Udala" WhatsApp kanal berrira harpidetzeko, bi urrats jarraitu behar dituzte interesdunek:
-
Lehenik, esteka honetan sartu.
-
Ondoren, goian eskuinean agertzen den kanpaitxoa sakatu.
Behin hori eginda, aurrerantzean udalak kanal horren bidez bidalitako jakinarazpen guztiak jasoko dira mugikorrean.
"Ekimen honen bidez, udalak gardentasunarekin eta komunikabideen hobekuntzarekin duen konpromisoa indartzen du, gaur egun gehien erabiltzen diren tresnetara egokituz. Bitarteko berri honek herritarren parte-hartze handiagoa sustatu nahi du, eta informazioa guztiei zuzenean iristea bermatu", gaineratu du Txurrukak. Gauzak horrela, udalak herritar guztiak gonbidatu ditu komunikazio-zerbitzu berri horrekin bat egitera.