Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak eta Mutriku, Deba, Zumaia, Getaria, Zarautz, Orio eta Hondarribiko udalek akordio berri bat sinatu zuten atzo (maiatzak 22), hondartzen kudeaketa 2027 urtera arte indartzeko helburuarekin.
Aldundiaren esanetan, lortutakoa "garrantzi handiko akordio estrategikoa" da. Lurraldeko erakundeak12 milioi euro bideratuko ditu datozen bi urteetan hondartzen funtsezko zerbitzuak finantzatzeko, udalerrien eskaerei erantzuteko, "batez ere udalerri txikienei", zehaztu dutenez.
Gipuzkoako Hondartzen Mahaiak atzo goizean berretsi zuen akordioa, eta adierazi zuen lurraldeko hondartzen kudeaketa integral eta koordinaturako ereduan behin betiko aurrerapena dela. Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko foru diputatuak nabarmendu zuen akordioak “udal-eskumenarekiko errespetuan oinarritutako lankidetza instituzionala sendotzen” duela, eta Aldundiak “laguntzeko eta lankidetzan aritzeko duen bokazio argia” agerian uzten duela.
Alazne Txurruka Debako alkatea ere "pozik" agertu zen akordioa sinatu ondoren. "Akordio hau gure herritarrentzat onuragarria izango den bidezko finantzazioa lortzeko Debako Udalak egindako lanaren emaitza da. Aldundiarekin dugun lankidetzari esker, gure hondartzan kalitatezko zerbitzuak bermatu ahal izango ditugu, baina kostua ez da gure udalerriarengan bakarrik egotziko. Horrek aurrezpen handia ekarriko dio Debari eta debar guztion bizi-kalitatea hobetuko duten beste proiektu batzuetan inbertitu ahal izango dugu".
4,4 milioi euroko inbertsioa urtero
Urtero hondartzak kudeatzeko bideratzen diren 2.650.000 euroei, aurten 700.000 euro gehituko zaizkie. Ekarpen gehigarria 1.700.000 eurokoa izango da bai 2026an eta baita 2027an ere; horrenbestez, urteko inbertsio osoa 4,4 milioi eurokoa izango da. Hala, 2027. urtera arte, Jasangarritasun Departamentuak 12 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu lurraldeko hareatzen kudeaketa integralerako.
Jasangarritasuneko foru diputatuak balioan jarri du akordioa, eta egindako "ahalegin ekonomiko garrantzitsua" nabarmendu du: "Akordio hau negoziazio luze baten eta Aldundiak lurraldearekin duen konpromiso irmoaren emaitza da. Badakigu hondartzen kudeaketak ahalegin ekonomiko handia eskatzen duela, batez ere udalerri txikienentzat. Inbertsio horrekin, gure hondartzen kudeaketa integralean eredu bidezkoagoa, koordinatuagoa eta eraginkorragoa lortzeko urrats estruktural eta egonkorra egin dugu".
Finantzazioa, biztanleriaren arabera
Jasangarritasun Departamentuak 1.700.000 euro gehiago emango dizkie kostaldeko udalei 2026ko eta 2027ko hondartza-denboraldiko zerbitzuak finantzatzeko (sorospena, bainugela egokitua, hondartza-zerbitzuak, etab.). Eta horiek biztanle kopuruaren arabera banatuko dira:
- Getaria (5.000 biztanle baino gutxiago): kostuaren % 80 estalita geratuko da.
- Mutriku, Deba, Orio (5.000 eta 10.000 biztanle artean): % 75.
- Zumaia (10.000 eta 15.000 biztanle artean): % 60.
- Zarautz eta Hondarribia (15.000 biztanletik gora): % 50.
Bestalde, 2025erako aurreikusitako 700.000 euro gehigarriak udalerri horien artean banatuko dira, laguntza ekonomiko gisa, proportzionaltasun-irizpide berberei jarraituz.
Udalerrientzako zuzeneko finantzaketaz gain, Aldundiak bere gain hartuko du ibai-bokaleetako hondartzen (Orio, Deba, Zumaia eta Mutriku) hondakinak kudeatzeko kostua. Halaber, Aldundiaren erosketa zentralaren bidez lankidetza ezarriko da sorospen eta salbamendu zerbitzua kontratatzeko.