Ipuin kontaketa eta tailer berezi batekin lagunduta egingo da gaurko Bastiñuixan egitasmoko saioa

Berriketan 2025ko mai. 23a, 08:03

Euskaraldiarekin bat eginez, gaurko Bastiñuixan saioa berezia izango dela iragarri dute antolatzaileek.

Abian da Debako Udalak Zuhatza Euskara Elkarteko Kolore Anitz Aisialdi Taldearekin elkarlanean antolatutako Bastiñuixan ekimena. Maiatzeko ostiraletan egiten ari dira 3 eta 9 urte bitarteko haurrei zuzendutako saioak, Zumardiko kioskoan (euria eginez gero, Ifar kaleko patioan); gaur (maiatzak 23), 16:30ean hasita egingo dute hirugarren hitzordua.

Euskaraldiarekin bat eginez, gaurko Bastiñuixan saioa berezia izango dela iragarri dute antolatzaileek. Zuhatza-Kolore Anitzekin elkarlanean, ipuin kontaketa eta tailer berezi bat eskainiko dituztela jakinarazi dute Debako Kontalariek eta Liburutegia Denontzat taldeko kideek.

"17:00ak inguruan hasiko da ipuin kontaketa, Zumardian bertan. Eguraldi txarra eginez gero, Ifar kaleko eskolan egingo dugu saioa. Zatozte Euskaraldiari hauspoa ematera! Astindu ditzagun mihiak eta belarriak, eta xaxatu ditzagun ingurukoak euskaraz aritzera!", adierazi dute.