Iñaki Goikoetxea, Eibarko emakumezkoen lehen taldeko entrenatzaile berria

Berriketan 2025ko mai. 21a, 11:28

Iñaki Goikoetxea, Eibarko emakumezkoen lehen taldeko entrenatzaile berria. Argazkia: S.D. Eibar

Entrenatzaile debarrak urtebeterako sinatu du talde armaginarekin.

Rocio Candal SD Eibarreko kirol zuzendaritzan sartu ondoren, Iñaki Goikoetxea izango da emakumezkoen lehen taldeko entrenatzaile berria. Klub armaginak jakinarazi duenez, 2026ko ekainera arte sinatu du Debakoak.

Entrenatzaile debarra Yerai Martinen lekukoa hartuta itzuli da emakumezkoen futbolera eta, azpimarratu duenez, "eskertzekoa" da dagoeneko ezagutzen duen klubak eman dion aukera. "Apustu handia egin dute nigatik eta horrek konbentzitu ninduen etortzeko", adierazi du. Testuinguru horretan azaldu du bere kirol ibilbideko erronka berri bati ekiteko "gogotsu" dagoela.

Ibilbidea

Besteren artean, Goikoetxea Realeko emakumezkoen lehen taldeko bigarren entrenatzailea izan zen hiru denboralditan, 2018tik 2020ra bitartean. Dominikar Errepublikako Selekzioan denboraldi bat eman ondoren, Gipuzkoara itzuli zen Real Unioneko analista gisa, eta 2023an entrenatzaile izendatu zuten, mailari eusteko helburuarekin.

Talde irundarraren entrenatzaile bezala, azkenean, 1 RFEF mailan mantentzea lortu zuen, azken hilabete eta erdian partidarik galdu gabe lehiatu ondoren. Aurreko denboraldian (23-24) Hypermotion Ligako SD Amorebietan bigarren entrenatzaile lanetan ibili zen, SD Eibarreko gizonezkoen lehen taldearen aurka leihan egondako taldean, hain zuzen ere.