Euskaraldia

Ekitaldi berezi batekin eman diote ongietorria Euskaraldiari Deban

Berriketan 2025ko mai. 15a, 19:56

Abian da Euskaraldiaren laugarren edizioa. Euskal Herri osoko milaka lagunek, euren hizkuntza-ohiturak aldatu, eta euskaraz gehiago eta erosoago egiteko saiakera egingo dute 11 egunez.

Euskaraldia hasi dela ospatzeko, gaur (maiatzak 15) Euskal Herriko hainbat herritan ekitaldi bereziak egin dituzte, tartean Deban. 19:00etan hasi da hitzordua, baina aurretik, Joselontxos txaranga herriko kaleetan ibili da giroa jartzen, eta haiek plazara heldu direnean abiatu da ekintza.

Lehendabizi, hamaikakoak testu bateratu bat irakurri du udaletxeko balkoitik. Euskarak beharrezko duen “biziraupen mugimendua” azpimarratu nahi izan dute. “Urrundik gatoz, eta asko egin dugu. Orain eta hemen, gehiago egiteko prest gaude: euskararen biziberritzeak mugimendua behar du. Eta gu elkar mugitzera goaz. Horrexegatik aurtengo ekitaldiaren leloa: Elkar mugituz egingo dugu. Hori da euskararen grina, kemena eta erronka”.

Hitzez ekiteko garai honen aurrean, antolatzaileek “eragitea” dutela helburu nabarmendu dute: “Lehenengo pertsonatik eta pluralean”. Euskararen aldeko bultzadak eta eragiteak “lotsagabea, tinkoa eta adeitsua” behar duela izan adierazi dute. 

Txaparen egiteko nagusia

"Txapen superboterea" ere nabarmendu nahi izan dute, eta gogorarazi Euskaraldiko txapa ez dela txapa "sinple" bat. "Txapa honek superbotereak ematen dizkizu. Adorea ematen dizu, entzumena ernetu, eta aldamenekoa zein zu babesten zaituzte. Txapa hau, hizkuntza bezala, magikoa da, hitza bezala, askotariko jendea konektatzeko giltza”.

Irakurketaren ondoren, suziri bat bota dute 11 eguneko ariketa soziala hasi dela iragartzeko. Segidan, plazan batuta zeudenek Ahobizi eta Belarriprest txapak soinean jarri dituzte, eta ekitaldiari amaiera emateko, argazki erraldoia atera dute. Gero, musikaz girotzen jarraitu dute Euskaraldiaren hasiera.