Zuhatzak mariskada bat zozkatuko du aurten ere Debarren Egunaren bezperan

Berriketan 2025ko mai. 16a, 08:55

Herriko euskara elkarteak zozketa egingo du bihar (maiatzak 17), bosgarren urtez jarraian. Sasoiko parean jarritako salmenta postuan txartelak erosten dituztenek sei lagunentzako mariskada irabazteko aukera izango dute.

Euskara elkarteko kideek jakinarazi dutenez, txartelak euro baten truke eskuratu ahal izango dira eta saridunak honako produktuez osatutako saskia irabazteko aukera izango du: bi buia, txangurru bat, 400 gramo olagarro, sei nekora, 300 gramo izkira, 450 gramo karrakela eta 24 otarrainxka, “guztiak ere egosita etorriko dira”. Produktu horiez gain, botila bat ardo zuri ere jasoko du opari irabazleak.

Orain arte egin bezala, egunean bertan iragarriko dute irabazlea; zehazki, 15:00etan egingo dute zozketa, Zuhatzaren postuan. “Zenbaki sariduna eta ordezkoa zeintzuk diren ezagutzera emateko kartelak itsatsiko ditugu herrian. Bertan telefono zenbaki bat agertuko da, eta irabazleak edo ordezkoak hara deitu edo idatzi beharko du. Bertan emango dizkiogu beharrezko jarraibide guztiak”.

Gogorarazi dute 24 orduko epean jaso beharko dela saria. “Irabazlea epe horretan agertuko ez balitz, ordezko zenbakiaren jabeari emango zaio saria”.