XXXII. Haur Margo Lehiaketa egingo da larunbatean

Berriketan 2025ko mai. 15a, 14:04

Sariketa Deban bizi diren edo bertako ikastetxeren batean ikasten duten 1 eta 16 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago.

Maiatzaren 17an, Debarren Egunaren bezperan, aire zabaleko XXXII. Haur Margo Lehiaketa egingo da Deban, Haitz-Haundi elkartearen, Debako Udalaren eta Kultur Elkartearen ekimenez. Sariketa udalerrian bizi diren edo bertako ikastetxeren batean ikasten duten 1 eta 16 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago.

09:30ean hasiko da lehiaketa. Parte hartzaileei udaletxe azpian emango dizkiete margolanak egiteko beharrezkoak izango dituzten laminak eta leku berean aurkeztu beharko dituzte lanak gehienez ere hiru orduko epean (12:30era arte). Sari banaketa 17:00etan egingo dute, Kultur Elkarteko areto nagusian.

Lehiaketa lau kategoriatan banatuko dute, adinaren arabera (1-5 urte, 6-9 urte, 10-12 urte eta 13-16 urte), eta partaideek banaka eta aire zabalean egin beharko dituzte lanak. Gogorarazi dutenez, "ezinbestekoa izango da antolakuntzak egun berean banatuko dituen laminak erabiltzea, eta aurkeztutako lanak epaimahaiak baloratuko ditu. Aurrez prestatutakoak ez dira onartuko".

Udalak nabarmendu bezala, urteroko hitzordu honek haurren sormena garatzea bilatzen du, "eta aldi berean Debako ingurune urbano eta naturala begirada artistiko eta parte-hartzaile batekin bizitzeko gonbita luzatzen du". Haurrei ekimenean parte hartzeko deia egin diete.