Debako, Itziarko eta inguruotako herritarrek zientzia munduan egiten duten lana ezagutarazteko helburuz, publiko orokorrari zuzendutako hitzaldi sorta abian du Kultur Elkarteak. Joan den astean egin zuten lehen saioa, Ane Feijoo eta Ibon Aranberri zientzialariekin, eta gaur (maiatzak 14) arratsalderako jarri dute bigarren hitzordua. Bi hizlari ariko dira Kultur Elkartean, 19:00etatik aurrera: Amaia Gutierrez Debabarreneko ESIko Lehen Arretako fisioterapeuta eta Jon Egaña Telekomunikazio ingeniaria.
Amaia Gutierrezek (Urretxu, 1978) 2000. urtean amaitu zituen Fisioterapia ikasketak Reusen, eta, urtebete beranduago, Kirolean espezializatu zen Gimbernat unibertsitatean egindako graduondokoarekin. Bere ibilbidean arlo ezberdinetan aritu da lanean eta formakuntza jasotzen. Besteak beste, minaren pedagogian eta mugimenduan oinarritutako prestakuntzan sakondu du. Lehen arretako fisioterapeuta gisa dihardu gaur egun Eibarko Ospitalean eta, azaldu duenez, minari buruz ariko da gaurko hitzaldian.
Hona hemen bere solasaldiaren nondik norakoak: "Mina burmuinean dago: jada ez daukazun gorputz atal batean sumatu dezakezu. 2021eko Medikuntzako Nobel saria jaso zuen Ardem Patapoutian biologoaren esaldia da. Bera bezalako ikertzaileei eta azken urteotan neurozientziei eman zaien garrantziari esker, minari buruzko gauza asko argitu ahal izan dira. Lehen arretako fisioterapeutek ere ezagutza horietan oinarritutako aurrerapenak aplikatzen dituzte gaur egun, talde tratamenduetan jolasari eta mugimenduari tarte handia emanez. Horren guztiaren inguruko azalpenak emango ditut hitzaldian".
Bigarren protagonista Jon Egaña (Deba, 1992) Telekomunikazio ingeniaria izango da. Zortzi urte baino gehiagoko esperientzia du zibersegurtasunaren alorrean; bost urtetik gora egin zituen ikertzaile lanetan Vicomtech zentroan eta bi urte baino gehiago daramatza S21sec enpresako Ikerkuntza eta Garapen sailean lanean. Zibersegurtasuna ingurune ezberdinetan aplikatuz, taldeburu izan da EAEk, Espainiako Estatuak eta Europar Batasunak finantzatutako hainbat proiektutan.
"Geopolitika eta zibersegurtasuna" goiburupean ariko da gaur arratsaldean. "Zein da geopolitikaren eta zibersegurtasunaren arteko harremana? Zein da zibersegurtasunaren eragina gure eguneroko bizitzan? Ba al dago gailu edo zerbitzu zibersegururik? Nola ekiditen dira ziber erasoak enpresetan?". Bada, aipatutako galderak eta zibersegurtasunarekin lotutako beste hainbat zalantza argitzen saiatuko da hitzaldian. Halaber, norbanakoei ziber erasoak saihesteko gomendioak ere emango dizkie.
Solasaldi laburrak izango dira, hogei bat minutukoak, eta hitzaldi bakoitzaren ondoren galderak egiteko eta eztabaidarako tartea eskainiko dute. Pintxo-potea ere izango da aukeran.