Nautilus museora irteera antolatu du Arbil Elkarte Sozialak

Berriketan 2025ko mai. 12a, 09:43

Irteeran parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharko dutela gogorarazi dute.

Ostegunean (maiatzak 15) Mutrikuko Nautilus museoa bisitatzeko irteera antolatu du Arbil Elkarte Sozialak. Elkartetik adierazi dutenez, Mutrikura joateko bi aukera izango dira: oinez edo autobusez.

Oinez joatea erabakitzen dutenak 09:30ean elkartuko dira portuan, eta handik abiatuko dira Mutrikurantz. Bidaia autobusez egiteko asmoa dutenek, berriz, 10:45ean dute hitzordua autobus geltokian. Itzulera autobusez egingo dutela esan dute. "Nahi duenak 13:20ean autobusa har dezake; bestela, ordubete beranduago bueltatzeko aukera ere izango du, 14:20ean irteten den autobusean".

Irteeran parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharko dutela gogorarazi dute. Apirilaren 28an zabaldu zuten izen-ematea eta, ohartarazi dutenez, gehienez 50 pertsona joan ahal izango dira bertara. Jardueraren prezioa 5 eurokoa da.