Aurreko larunbatean (maiatzak 10) Zestoa mendean hartu eta gero, Amaikak Bateko gizonezkoen nagusi mailako taldeak matematikoki Gipuzkoako Ohorezko Erregional Mailan ariko dela ziurtatu zuen, denboraldia amaitu baino jardunaldi bat lehenago.
Egoitz Konde presidenteak azaldu duenez, iazko arantza kendu eta denboraldi hasieran jarritako helburua lortu dute maila berreskuratuta. "Jaitsiera kolpe handia izan zen taldearentzat, baina gauzak lasaitasunez hartu ondoren eta talde oinarri sendo bat mantenduta, horrek berriro ere igoerara eraman gaitu; gauzak Amaikak Baten ondo egiten diren seinale dela iruditzen zait".
Larunbateko hitzordu berezian jokalariek beren lagunen, senideen, zaleen, bazkideen eta herritarren babesa jaso zuten harmailetatik. Ehunka zale bildu zituen partidak Errotazarren eta horien guztien animoak ere eskertu ditu Kondek. "Eskerrak eman nahi dizkiet guztiei izan zuten jarreragatik eta zelaiari eman zioten koloreagatik. Futbol zelaia beteta ikustea plazer bat izan zen. Beti bezala, herriaren laguntza izan zuen taldeak eta hori eskertu nahi dugu".
Emozio handiko partida
Amaikak Bat 3-1 emaitzaz gailendu zen Errotazarren jokatu zen neurketan. Partida oso gogorra eta lehiatua izan zen. Etxeko taldea urduri zelairatu zen eta ez zuen asmatu lehen zatian; saiatu bazen ere, ez zuen golik sartu. Aurkariak, ordea, gogor aritu ziren erasoan, eta atsedenaldirako hiru minuturen faltan 0-1 aurretik jarri ziren markagailuan.
Atsedenalditik bueltan, bisitariak behera etorri ziren eta Amaikak Bateko jokalariak lasaiago zelairatu ziren. Jokoaren kontrola berreskuratu ondoren, emaitza iraultzeko gai izan ziren.
60. minutuan berdinketaren gola sartu zuen Paul Aguirrezabalak eta bederatzi minutu geroago, 69. minutuan, aurretik jarri ziren Michael Eboweren golari esker. Burua hotz eta bihotza bero mantenduta, 2-1 emaitzari eustea lortu zuten azken minutuetara arte eta luzapenean (91. minutua) Lander Albizuren hirugarren golarekin biribildu zuten neurketa.
Behin mailaz igota, larunbat gauean bertan ospatu zuten kategoriaz igo izana. "Partida bukaerako giroa polita izan zen. Futbol zelaian zerbait jan eta herrira hurbildu zen taldea eta bertan ospatu genuen garaipena txaranga baten laguntzaz. Zarata pixka bat ateratzeko eguna izan zen", zehaztu du klubeko presidenteak.
Azken partida
Jada denboraldiari amaiera emateko jardunaldi bat besterik ez da geratzen. Asteburuan Idiazabalgo taldearen aurka lehiatuko dira, Idiazabalen bertan. Galdu ala irabazi, ziurtatuta dute sailkapeneko bigarren postua eta, hortaz, igoera.