Igoeraren bila dabilen Amaikak Bateko gizonezkoen nagusi mailako taldea animatzera joateko deia egin dute

Berriketan 2025ko mai. 8a, 09:40

Larunbatean (maiatzak 10) Zestoaren aurka jokatuko duten partidaren harira, Amaikak Batek bazkideak, zaleak eta herritarrak harmailak betetzera gonbidatu ditu.

Amaikak Bateko gizonezkoen talde nagusiak berriro ere ohorezko erregional mailara bueltatzeko aukera du, betiere gorengo mailako lehen bi postuetan amaitzen badu txapelketa.

Liga amaitzeko bi jardunaldi falta direnean, gaur-gaurkoz 2. postuan dago talde debarra, 63 punturekin. Urki da sailkapenaren buru (69 puntu) eta Ordizia doa hirugarren (60 puntu). Hala ere, Amaikak Batetik adierazi dutenez, igoerako aukerei eusteko funtsezkoa da azken partidetako puntuak eskuratzea, kontuan hartuta hirugarren sailkatua oso gertu dutela. "Jokoan dauden sei puntuetatik gutxienez lau eskuratzea komeni zaigu igoeragatik borrokatzeko. Hau da, bi garaipen edo garaipen bat eta berdinketa bat nahikoa lirateke", azaldu du Egoitz Konde presidenteak.

Horrenbestez, denboraldia bukatzeko geratzen diren azken bi neurketek finalak besteko garrantzia izango dute. Hori dela eta, klubak bazkide, zale eta herritarren babesa eskatu du, eta larunbatean (maiatzak 10) 19:45ean Errotazarren Zestoaren aurka jokatuko den partidara bertaratzeko deia egin diete. "Amaikak Batek zuen bultzada behar du garaipena lortzeko. Giro beroa espero da harmailetan eta helburua argia da: garaipena lortzea eta igoeraren ametsera gerturatzea", zehaztu du Kondek.

"Garrantzi berezia"

Debarrek haien esku dute igoera, baina horretarako ezinbestekoa izango da datozen bi jardunaldietan lanak ondo egitea. "Asteburu honetako partidak garrantzi berezia dauka, izan ere, garaipenak ohorezko erregional mailara igotzeko bidea ireki diezaioke taldeari", adierazi dute.

Txapelketako azken partida datorren astean izango da, Idiazabalen, bertako taldearen aurka.