Bizitzarako trebetasunak eta bokazioa hizpide gazteei zuzendutako tailerretan

Berriketan 2025ko mai. 7a, 10:21

12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude tailerrak. Debako Gaztelekuan izango dira hitzorduak, bihar (maiatzak 8) eta hilaren 22an.

Treba Nerabeak Gipuzkoako nerabeei zuzendutako prestakuntza-programaren baitan, 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako bi tailer antolatu ditu Debako Gaztelekuak, Debako Udalarekin lankidetzan.

Zehaztu dutenez, Bizitzarako trebetasunak eta Bokazioa eta etorkizunerako erabakiak hartzea izeneko tailerrak maiatzean egingo dira, "parte-hartzaileei hazkunde pertsonal eta profesionalerako tresna praktikoak eskaintzeko helburuarekin".

Eskaintza

Bizitzarako trebetasunak tailerra bihar (maiatzak 8) egingo da, 16:00etatik 18:00etara. Aurreratu dutenez, saioan eguneroko bizitzarako funtsezko gaitasunak landuko dituzte, hala nola autonomia, emozioen kudeaketa eta gizarte-trebetasunak.

Bokazioa eta etorkizunerako erabakiak hartzea izeneko bigarren tailerra, berriz, maiatzaren 22an egingo da, 16:00etatik 18:00etara. "Topaketa honetan, gazteei euren bokazio-interesak deskubritzen lagundu eta etorkizun akademiko eta profesionalari buruzko erabaki informatuak hartzeko tresnak emango zaizkie", adierazi dute.

Izen-ematea

Bi tailerretan parte hartzea doakoa da, baina aldez aurretik izena ematea beharrezkoa dela azpimarratu dute. Interesdunek debakogaztelekua2@gmail.com helbidera idatziz eman dezakete izena, edukiera bete arte.