Literaturazale amorratua izan da betidanik Bravo. Gazte-gaztetatik izan du idazteko zaletasuna. Ipuinak eta antzerkiak idazten hasi zen eta genero horietan hainbat lehiaketa irabazi zituen. Gerora, poesian murgildu zen; testu ezberdinak idatzi ditu aldizkarietan zein antologietan eta urteotan hainbatetan saritu dute. Aitortu duenez, literatura du pasio. Azken liburuaz gain, badu bestelako proiekturik ere dagoeneko esku artean: "Niretzat poesia eguneroko lana da, etengabea, exijentea".
Poesia liburu berri bat kaleratu berri duzu. Nondik nora sortu zitzaizun liburua idazteko ideia?
Laugarren liburua dut. Beylebooks etxeak plazaratutako Cuerpo y alba izan zen lehenengoa eta, ondoren, Bermingham argitaletxearekin kaleratu nituen Tempestad de luz eta La sombra del aire; azken bi lan horiek Pasaia eta Iparragirre lehiaketetan saritu zituzten, hurrenez hurren. Orain aurkeztu berri dudan Solsticio de invierno, berriz, Caligrama etxearekin argitaratu dut. Guztiek erantzuten diote nire beharrizan bati; poesiaren bitartez kezka existentzialetan eta arazo sozialetan sakondu eta erantzunak aurkitzeko daukadan behar horri, hain zuzen.
Nolakoa izan da sorkuntza prozesua? Aurreko hiru liburuekin alderatuta, adibidez, desberdina izan al da idazteko modua?
Solsticio de invierno sortzeko prozesua luzea izan da. Aurretik idatzitako lanekin alderatuta, desberdina izan da, adinak eta urteek egilearengan izan duten eragina nabarmena baita. Baina, hala ere, esango nuke aurrekoen ildo beretik joan dela liburu berria sortzeko prozesua; oraingo honetan ere antzematen da poesia sortzeko ohikoa dudan estiloa.
"Ulertzeko edo barneratzeko zailak izan daitezkeen poema batzuk badira tartean, baina uste dut poesia zaleek eta adituek ez ezik, beste irakurle askok ere izango dutela liburuaz gozatzeko aukera"
Eta zer diozu lanaren izenburuaz?
Lotura zuzena du negu sasoira hurbiltzen ari den egilearen adinarekin. Latinezko solstitium hitzak "eguzkiaren geldialdia" esan nahi du; neguaren hasiera adierazten duen une magikoa da eta, maila espiritualean, introspekziorako eta prestaketarako garaia ere bada.
Zenbat olerki bildu dituzu bertan?
Guztira 64 poema daude, hiru kapitulutan banatuta. Sarreran bat ageri da; lehen kapituluan 22 bildu ditut, bigarrenean 28 eta hirugarrenean 12. Guztia biribiltzeko, beste olerki bat dago amaieran.
Nola egituratu duzu liburua? Alegia, hiru kapitulu nagusi aipatu dituzu. Horietako bakoitzean zer aurkituko du irakurleak?
Clinker izeneko lehen kapituluan poema intimoak bildu ditut, sekretu puntu bat izan dezaketenak. Bigarren atalak Estancia du izenburu eta bertan esperientziari, itxaropenari eta denboraren joan-etorriari buruzko idatziak aurkezten ditut. Tronio izeneko hirugarren pasartean, berriz, berdintasunaren aldeko emakumeen borroka islatzen duten olerkiak agertzen dira.
Libururako propio idatzitako poema berriak dira? Edo lehendik idatzitako olerkiekin osatu duzu bilduma?
Libururako propio egindako testuak dira.
Nori zuzenduta dago argitalpena?
Ulertzeko edo barneratzeko zailak izan daitezkeen poema batzuk badira tartean, baina uste dut poesia zaleek eta adituek ez ezik, beste irakurle askok ere izango dutela liburuaz gozatzeko aukera; niri hala iruditzen zait behintzat eta hala izatea nahi nuke.
Nola deskribatuko zenuke zure poesia? Nolakoak dira liburuan bildutako poemak?
Badira poema batzuk kutsu intimista dutenak, baita metafisikoa ere agian. Baina Solsticio de invierno liburuan bildutako poema gehienak esperientziatik, memoriatik eta intentzioz sortutakoak dira. Interpretatzeko errazak eta iradokitzaileak izatea espero dut.
Kultur Elkartean aurkeztu berri duzu Solsticio de invierno. Non eros daiteke liburua? Salgai dago jadanik?
Bai. Hemendik aurrera salgai izango da liburu-dendetan eta Interneteko plataformetan, hala nola Amazonen, El Corte Inglesen eta La Casa del Libron.
"Azken finean, niretzat poesia eguneroko lana da, etengabea, exijentea. Poema liburu berri bat prestatzen ari naiz dagoeneko"
Jakin badakigu literatura oso presente dagoela zure bizitzan. Laugarren lana plazaratu izana da horren erakusgarri. Zenbateko garrantzia ematen diozu?
Pasioz bizi izan dut beti literatura eta bereziki poesia; niretzat pasio bat da, eta bilaketa prozesu bat ere bai. Oroimena dudanetik, idazten, irakurtzen, ikasten... ibili naiz. Salvador Paniker filosofoaren pentsamendu batek ederki laburbiltzen du sentitzen dudana: "Arrazoia soberan dugu eta magia falta zaigu". Itzalak leuntzeko eta gure bizitzako galderei eta zalantza etikoei erantzunak aurkitzeko behar dugun magia, hain zuzen ere.
Baduzu proiektu berririk esku artean?
Poesiarekin jarraituko dut, ezin baitiot uko egin. Ahalegin handia eskatzen duen arren, eta askotan ilusioa galtzen badut ere, benetan gogoko dut. Azken finean, niretzat poesia eguneroko lana da, etengabea, exijentea. Poema liburu berri bat prestatzen ari naiz dagoeneko.