Jose Aldamar Amaikak Bat klubeko presidente eta laguntzaile izan zenaren omenezko futbol txapelketa jokatu zuten larunbat (apirilak 26) goizean Errotazar udal futbol zelaian.
Aste Santuko oporraldiaren amaieran hiruko eran jokatu ohi den haur mailako txapelketara Mutrikuko eta Lekeitioko taldeak gonbidatu dituzte aurten eta, antolatzaileek adierazi dutenez, Amaikak Bateko haur mailako talde nagusiak eskuratu zuen jokoan egon zen garaikurra. Bigarren postua Mutrikurentzat izan zen eta Lekeitiok itxi zuen sailkapena.
Egoitz Konde Amaikak Bateko presidenteak zehaztu duenez, txapelketa ona osatu zuen etxeko taldeak. "Partida oso lehiatuak izan ziren. Egia esan, Amaikak Bateko mutilek lan bikaina egin zuten defentsan zein erasoan. Taldeak elkarlana eta ilusioa erakutsi zituen berdegunean, eta merezitako garaipena lortu zuen".
Jokatu zituzten partida bietan nagusitu ziren. Txapelketaren hasierako partidan Mutriku izan zuten aurkari eta 1-0 irabazi zuten. Lekeitioren aurkako neurketan, berriz, 3-0 emaitzarekin nagusitu ziren.
"Giro aparta" nagusi
Larunbateko jardunaldiari buruzko balorazio positiboa egin du Kondek. Jakinarazi duenez, "giro aparta" izan zen nagusi berdegunean, eta jende ugari batu zen harmailetan, futbolariak animatzen. "Benetako futbol festa bihurtu zen eguna. Familiek, lagunek eta herritarrek txalo eta oihu artean babestu zituzten gaztetxoak", zehaztu du.
Gaineratu duenez, guztiaren gainetik, kiroltasuna eta giro ona nagusitu ziren larunbateko jardunaldian. "Futbola, adiskidetasuna eta ondo pasatzeko gogoa izan ziren eguneko protagonista nagusiak".
Eta, amaitzeko, txapelketako parte hartzaileak zoriondu ditu. "Zorionak Amaikak-Bat taldeari, baita parte hartu duten Mutrikuko eta Lekeitioko taldeei ere. Sekulako lana eta kiroltasuna erakutsi zenuten. Dudarik gabe, egun polit bat bizitzea lortu genuen guztiok!".