Debako Udalak aurten ere lizitaziora atera du Santiago hondartzako toldo, aulki eta eguzkitako partikularren gordailua, baita dutxa eta aldagelen zerbitzua ere. Udal iturriek azpimarratu dutenez, zerbitzu horren helburua da hondartzako erabiltzaileen erosotasuna bermatzea, "behar bezala antolatutako eta kudeatutako zerbitzuak eskainiz".
Adierazi dutenez, kontratuaren iraupena 2025eko udako denboraldiari dagokio soilik, hau da, ekainaren hasieratik irailaren erdira arte. "Aurtengo hondartzako denboraldi ofiziala ekainaren 13tik irailaren 14ra izango da, biak barne, eta hondartzako ordutegi ofiziala ondorengoa da: 11:00etatik 19:00etara ekainean eta irailean, eta 10:30etik 20:00etara uztailean eta abuztuan, etenik gabe".
Horrez gain, zehaztutako datak baino hamar bat egun lehenago, enpresa edo pertsona esleipendunek toldoen muntaia lanetan jardun beharko dute (lanegunetan eta goizeko ordutegian 07:30etik 14:30era) eta denboraldia amaitzean, bost egunez, desmuntatze lanak egin beharko dituzte (lanegunetan eta goizeko ordutegian 07:30etik 14:30era). Lan hauek gutxienez bi lagunek egin beharko dituzte.
Proposamenak aurkezteko epea
Proposamenak aurkezteko azken eguna maiatzaren 5a da. Hortaz, interesa duten herritarrek edo enpresek Euskadiko Kontratazio Publikoaren Plataformaren bidez aurkeztu beharko dituzte izapide guztiak. Dokumentazio, baldintza eta plegu guztiak Debako Udalaren kontratatzailearen profilean daude eskuragarri.
Zehaztu dutenez, udalak zerbitzua eskaintzeko material guztia jarriko du eta esleipendunak telefonoa Internetarekin, datafonoa eta hari gabeko zulagailua jarri beharko ditu soilik. "Ura, gasa edota argindarren kontsumorik ere ez luke ordainduko", argitu dute.
Era berean, aipatutako zerbitzu guztiengatiko diru sarrerak esleipendunarentzat izango dira, eta honek ordainean 400 euroko (gutxieneko) kanona ordainduko dio udalari. "Zerbitzu guztien prezioak 2024ko abenduaren 30ean argitaratutako ordenantza fiskalean zehaztuta daude".
Lizitazioan jasotako zerbitzuak
· Toldoak: kontratuak 150 eta 160 toldo bitarteko ustiapena jasotzen du, eta horien instalazioa ekainaren 13a baino lehen egin beharko da, udaleko langileekin elkarlanean. Pertsona edo enpresa esleipendunaren ardura izango da, besteak beste, toldoen eguneroko irekiera zein itxiera, tarifen kudeaketa eta kobrantza eta toldoen egoera ona bermatzea.
· Aulki eta eguzkitako partikularren gordailua: kontratuak, halaber, aulkiak eta eguzkitako partikularrak gordetzeko zerbitzua jasotzen du.
· Aldagelak eta dutxa publikoak: pertsona edo enpresa esleipendunak kudeatuko du udal-instalazioetarako sarbidea eta jendearentzako arreta. Sarbidea kontrolatuko da.
Instalazioak udalak kontratatutako enpresa batek garbituko ditu egunero. Era berean, enpresa edo pertsona esleipendunak instalazioak garbi mantentzen direla bermatu beharko du.