Debako Ostolaza udal liburutegiko Irakurketa Klubak berriro elkartzeko hitzordua ezarri du. Gaur 19:00etatik 20:30era izango da irakurzaletasuna sustatzeko saioa eta, jakinarazi dutenez, Uxue Alberdi elgoibartarraren Hetero (Susa, 2024) lana izango dute hizpide.
Jarduera Asier Serrano idazle eibartarrak gidatuko du, "modu sakon eta kolektiboan".
Liburutegian bertan egiten diren saioak irekiak eta doakoak direla gogorarazi dute. Jardunaldia irakurtzeko zaletasuna duten 16 urtetik gorakoentzat dago gomendatuta, eta lan horiei buruzko ideiak eta ikuspegiak partekatzeko interesa duten guztiak gonbidatu dituzte bertaratzera.
Izen-ematea
Saioan parte hartzeko interesa dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute udal liburutegian, 943 19 25 60 edo 697 44 40 47 telefono zenbakietara deituta, edo ostolaza@deba.eus helbide elektronikora idatzita. Landuko diren liburuak, ohi bezala, norberak eramatea eskatu dute.